Mundua -

Krisi klimatikoa

COP28k erregai fosilak murriztea planteatu du orain, pixkanaka erabiltzeari utzi beharrean

Dubaiko Klima Goi-bilerako presidentetzak aldeei aurkeztu dien azken zirriborroan jasotzen da. EBren hitzetan, proposatutako testua "guztiz onartezina" eta etsigarria da. Era berean, ekologistek anbizio klimatikoa "nabarmen murriztea" kritikatu dute.

Licypriya Kangujam ekintzaile indiarraren protesta, COP28 goi-bileraren saioan. Argazkia: EFE
Licypriya Kangujam ekintzaile indiarraren protesta, COP28 goi-bileraren saioan. Argazkia: EFE
Licypriya Kangujam ekintzaile indiarraren protesta, COP28 goi-bileraren saioan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erregai fosilen "ekoizpena eta kontsumoa murriztea" hitzartzeko akordio batera bideratzen ari da orain COP28, 2050ean edo lehenago zero isuriak xedea lortzeko. Beraz, erregai fosilak erabiltzeari uzteko helburua alboratzen ari direla ematen du.

Dubaiko Klima Goi-bilerako (COP28) presidentetzak aldeei aurkeztu dien Balance Global azken zirriborroan jasotzen da. Honenbestez, dokumentuak ez du erregai fosilekin amaitzeko asmorik aipatzen.

39. artikulua, zalantza barik, arantzatsuena izango da. Berotegi efektuko gasen murrizketa "sakon, azkar eta etengabe" baten beharra aitortzen du, eta aldeei neurriak hartzeko eskatzen die, besteak beste, hauexek:

- 2030erako mundu mailako energia berriztagarrien gaitasuna hirukoiztea eta eraginkortasun energetikoaren urteko hobekuntza tasa bikoiztea.

- Ikatzaren murrizketa "azkar eta progresiboa", eta kutsadura arintzeko (CO2a harrapatzeko eta gordetzeko) sistemak ez dituzten zentral berriak eraikitzeko baimenak mugatzea.

- "Mende erdialdera edo lehenago", karbonoan neutroak diren energia sistemak eta kutsadura gutxi edo batere ez sortzen duten erregaiak lortzeko mundu mailako ahalegina areagotzea.

- Kutsadura txikia edo batere ez sortzen duten teknologiak areagotzea, esaterako, berriztagarriak, nuklearra eta CO2 harrapatzeko eta gordetzeko gaitasuna dutenak (CCUS, ingelesezko siglak), baita hidrogeno berdea ere, erregai fosilak ordezkatzeko helburuarekin.

- Erregai fosilen kontsumoa eta ekoizpena modu zuzen, ordenatu eta bidezkoan murriztea, 2050ean edo lehenago zero isuriak lortzeko.

- CO2az bestelako gas-isuriak nabarmen murriztea, bereziki metanoarenak 2030erako.

- Errepide-garraioaren isurien murrizketa bizkortzea, kutsadura maila txikia edo batere ez eragiten duten ibilgailuen garapen eta hedapen azkarrarekin.

- "Xahutzea" bultzatzen duten eta pobrezia energetikoari aurre egitera eta bidezko trantsizioei ekitera eramaten ez duten erregai fosil "ez-eraginkorrentzako" diru-laguntzak pixkanaka eta ahalik eta azkarren ezabatzea.

Hala, aukera horietako bakar batek ere ez du jasotzen ekologistek espero dituzten erregai fosilen "phase out" (ezabatzea) esamolde desiratua, zeinak estatu askok defendatzen dute, tartean, Europar Batasunak (EB) edo garapen bideko uharte-estatuek.

EBk "guztiz onartezintzat" eta etsigarritzat jo du goi-bilerako presidenteak proposatutako testua, ez duelako aipatzen erregai fosilen amaiera, baina, Europar Batasuneko ordezkarien arabera, borrokan jarraituko dute aipamena sartu arte. Ekologistek ere gogor kritikatu dute azken zirriborro horren anbizio klimatikoaren "murrizketa nabarmena".

Al Jaber sultana goi-bileraren presidente polemikoak, ostera, uste du zirriborroa "aurrerapauso handia" dela bileraren "helburuak" lortzeko.

Hala eta guztiz ere, testuak zaila dirudi idatzita dagoen bezala aurrera egitea. Onartua izateko, COP28an ordezkatuta dauden 190 herrialde baino gehiagoren babesa izan beharko du, bertan erabakiak adostasunez hartzen baitira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Larrialdi klimatikoa Energia berriztagarriak NBEren klimari buruzko goi-bilera Erregaiak Energia