Mundua -
Israel-Hamas gerra
Jordaniak Israelen duen enbaxadorea erretiratu du, Gazako Zerrendaren aurkako erasoaldia amaitu arte
Txileko Gobernuak eta Kolonbiakoak Israelen dituzten enbaxadoreak kontsultetarako deitu dituzte egoera salatzeko, eta Boliviak harreman diplomatikoak hautsi ditu Israelekin.
Agentziak | EITB MEDIA
Jordaniako Gobernuak Israelen duen enbaxadorea erretiratzeko erabakia iragarri du asteazken honetan, Erresistentziarako Mugimendu Islamikoak (Hamas) urriaren 7an Israelen aurka egindako erasoen ostean Israelek abiatutako erasoaldi militarra amaitu arte.
Jordaniako Atzerri Ministerioak adierazi duenez, Israeli eskatu diote ez bidaltzeko enbaxadorea Ammanera bueltan, segurtasun arrazoiak argudiatuta alde egin baitzuen bertatik liskarrak piztu ostean, X sare sozialean argitaratutako ohar baten arabera.
Hala, "enbaxadoreen itzulera lotuta egongo da Israelek Gazaren aurkako gerra gelditzearekin eta eragiten ari den hondamendi humanitarioari amaiera ematearekin, baita palestinarrei janaria, ura, botikak eta bizitza egonkor eta segurua izateko eskubidea kentzen dieten neurriak amaitzearekin ere".
Txileko Gobernuak eta Kolonbiakoak Israelen dituzten enbaxadoreak kontsultetarako deitu ostean hartu du Jordaniak erabakia; Boliviak, berriz, harreman diplomatikoak hautsi zituen Israelekin astearte honetan. Azken horrek salatu egin du Gazako Zerrendako herritarren aurka "eraso militar oldarkor eta neurrigabea" egiten ari direla.
Ildo horretan, ohar batean, Freddy Mamani Machaca Boliviako kantzilerordeak adierazi duenez, Gobernuak "Israelgo Estatuarekin harreman diplomatikoak hausteko erabakia hartu du, Israel Gazako Zerrendan egiten ari den eraso militar oldarkor eta neurrigabea gaitzesteko".