Mundua -

Gatazka Ekialde Hurbilean

Israelgo Armadak lurreko eraso bat egin du gauean, tankeak erabiliz, Gazako iparraldean

Israelgo Defentsa Indarrek iragarri dute "erasoaldi selektiboa" egin dutela tankeekin, inbasiorako "prestaketaren barruan". Bestalde, egunkari palestinar batek jakinarazi du "borroka armatu bortitzak" izaten ari direla Zerrendaren erdialde-ekialdean.

Israelgo Armadaren bonbardaketek Gazan eragindako kalteak. Argazkia: EFE
Israelgo Armadaren bonbardaketek Gazan eragindako kalteak. Argazkia: EFE
Israelgo tankeek sartu-irtena egin dute Gazan

0:40

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Armadak iragarri duenez, "erasoaldi selektiboa" egin du gauean zehar Gazako Zerrendako iparraldean, tankeak erabiliz, Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak kontrolatutako lurraldea inbaditzeko "prestaketaren barruan".

Gainera, gutxienez 60 palestinar hil dituzte azken orduetan Israelgo Armadak Zerrendako eraikinen aurka egindako bonbardaketetan, eta 100 palestinar inguru atxilotu dituzte Zisjordanian, gauean hainbat sarekada egin ondoren.

"Operazioan, indarrek terrorista asko aurkitu dituzte eta eraso diete, azpiegitura terroristak eta tankeen aurkako posizioak suntsitu dituzte eta eremua antolatzeko lanak egin dituzte", azaldu dute Israelgo Defentsa Indarrek.

Gainera, "tropek alde egin dute misioaren amaieran" eta "Israelera" itzuli dira, ohar batean zehaztu dutenez.

Israelgo Armadaren irratiak minutu batzuk lehenago iragarri du operazio militarra, eta azpimarratu du Armadak "infanteria eta indar blindatuen ezohiko eraso zabala" egin duela, lurraldean egindako "sakonena".

"Hamasen helburuei Zerrendaren barrutik erasotzea eta defentsa indartzea izan da bere asmoa. Gazako Zerrendan azken bi asteetan egindako erasoaldiak baino operazio handiagoa izan da", adierazi du irratiak.

Tanke eta bulldozerrekin sartu dira Israelgo tropak Gaza iparraldeko hainbat eremutan
Tanke eta bulldozerrekin sartu dira Israelgo tropak Gaza iparraldeko hainbat eremutan
Tanke eta bulldozerrekin sartu dira Israelgo tropak Gaza iparraldeko hainbat eremutan

1:26

Bestalde, Filastin egunkari palestinarrak, Hamasekin lotura duenak, gaur goizean jakinarazi du "borroka armatu bortitzak" izaten ari direla lurraldearen erdialde-ekialdean.

Hamasek Israel ohartarazi du

Sale al Aruri Hamaseko buruzagiaren esanetan, Israelek "aurrekaririk gabeko porrota" jasango du, Zerrenda inbaditzen badu.

"Etsaia lehorretik sartzen bada, orrialde berri eta loriatsu bat egongo da gure herriarentzat, eta okupazioarentzat aurrekaririk gabeko porrota izango da gatazkaren historian", adierazi du Al Arurik Al Manar telebistarekin egindako elkarrizketa batean.

Bahituei dagokienez, Al Arurik esan du atzerritarrak "gonbidatuak" direla, baina israeldarrak preso palestinarrekin "trukatuko" dituztela.

Era berean, Israelgo Armadak Gazako Zerrendaren aurka egindako bonbardaketak "kriminalak" direla esan du, oraingoz 6.500 hildako utzi baitituzte, eta gaineratu du israeldarrek, zeinek "Mendebaldearen laguntza duten", zigorra jasoko dutela.

Bestalde, Palestinako lurraldeetan eta herrialde musulmanetan protestak deitu ditu Hamasek, ostiralerako eta iganderako, Gaza Egiptorekin lotzen duen eta gerra hasi zenetik ia itxita egon den Rafaheko mugako pasabidea irekitzea eskatzeko.

Azkenik, Joe Biden AEBko presidenteak zalantzan jarri du Israelen bonbardaketen ondorioz hildako palestinarren kopuru ofiziala. "Ziur nago errugabeak hil direla, eta gerra baten prezioa da (...) Baina ez dut konfiantzarik palestinarrak erabiltzen ari diren kopuruan", esan du Anthony Albanese Australiako lehen ministroarekin emandako prentsaurrekoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Joe Biden Ekialde Hurbila Hamas Benjamin Netanyahu