Mundua -

Israel-Hamas gerra

Kairoko Bakearen Goi-bilera adierazpen bateraturik gabe amaitu da

Herrialde arabiarrek Palestina babestu eta irtenbidea bi estatu direla aldarrikatu dute. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak ere jarrera hori defendatu du larunbat honetan Israelen eta Hamasen arteko gatazka aztertzeko egin den nazioarteko goi-bileran.

Kairoko Goi-bilera, gaur. EFE.
Kairoko Goi-bilera, gaur. EFE.
Kairoko Goi-bilera, gaur. EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbat honetan Kairon egindako Bakearen Goi-bileran agintari arabiar ugari eta munduko beste herrialde batzuetako ordezkariak izan dira. Bilera amaitzeko, Egiptok, herrialde anfitrioiak, eskerrak eman dizkie bertan parte hartu duten guztiei, baina batera adierazpen formalik egin gabe amaitu da topaketa.

Abdelfata al Sisi Egiptoko presidentearen hitzaldia izan da ikusmin handiena piztu duenetako bat, Gazarekin muga egiten duen herrialde bakarra baita. Al Sisik "Ekialde Hurbileko bake prozesua suspertzeko deia" egin du, "bi aldeen arteko berehalako su-eten baten negoziaziotik abiatuta, estatu palestinar independente bat ezartzeko".

Larunbat honetan ireki dute Rafahko pasabidea lehen konboi humanitarioa sar zedin, eta datozen orduetan edo egunetan irekiera hori behin betiko bihur daitekeela esan du Egiptoko presidenteak, Joe Biden AEBko presidentearekin akordioa lortu ostean. Azaldu duenez, irekiera "jarraitu" hori Nazio Batuen eta Palestinako Ilargi Gorriaren (laguntza zuzenean banatzeaz arduratzen ari dena) ikuskaritzaren menpe geratuko litzateke.

Al Sisik, gainera, "gatazkak neurtzeko bi modu" izatea leporatu dio Mendebaldeari, eta, bide batez, Gazako biztanleak Egiptoko Sinai eskualdean birkokatzearen aurka agertu da.

Abdala II.a Jordaniako erregeak ere hitz egin du topaletan, eta Israeli babesa ematen dioten mendebaldeko herrialdeei eskatu die "ulertzeko behingoz arabiar baten bizitzak ez duela israeldar batenak baino gutxiago balio", eta erantsi du zibilen kontrako eraso "basatien" aurrean duten isiltasunak ez duela bakea lortzen laguntzen. Gazako bonbardaketa "krudela" salatu du, "herri setiatu eta babesgabe baten aurkako zigor kolektiboa" delako. "Nazioarteko zuzenbidearen eta zuzenbide humanitarioaren urraketa nabarmena da, gerra-krimena. Krisia zenbat eta larriagoa eta krudelagoa izan, orduan eta gutxiago axola dio munduari", adierazi du.

Mahmud Abbas Palestinako presidentea.

Goizeko saioko hitzaldi esanguratsuenetakoa Mahmud Abbas Palestinako presidentearena izan da. "Lege humanitario guztiak urratzea" egotzi dio Israeli, herritar zibilen, ospitaleen, eskolen eta babeslekuen aurkako aire-erasoak egiteagatik. Abbasek "bi aldeetako zibilak hiltzea" salatu du, eta "bi aldeetako bahituak askatzeko" eskatu.

Horren hitzetan, bera  buru duen Palestinako Aginte Nazionala da palestinarrak ordezkatzen dituen "erakunde bakarra", eta eskualdearen irtenbide bakarra Palestina ohian bi estatu sortzea da, Jerusalem ekialdea dela estatu palestinarreko hiriburu. "Ez gara inoiz joango, ez ditugu gure lurrak utziko, eta amaierara arte eutsiko diogu", adierazi du Abbasek.

Era berean, korridore humanitarioak irekitzeko eta Gazako Zerrendan laguntza emateko deia egin du, eta Israelek ez duela horretarako aukerarik eman nabarmendu.

Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak ere parte hartu du bileran, eta palestinarren egoera Hegoafrikako apartheid garaiarekin parekatu du. "Hegoafrikarrak garenez, palestinarrei gertatzen zaiena uler dezakegu. Gure herriak borroka ausarta egin zuen askatasuna lortzeko eta sufritu egin behar izan zuen, palestinarrek orain egiten duten bezala, baina buruzagi ausartak izan genituen, eta euren arteko ezberdintasunak atzean uztea lortu zuten, bakea lortzeko eta apartheidaren sistemari amaiera emateko", nabarmendu du.

Liskarrak berehala amaitzeko, bahituak askatzeko eta Gazako setioa amaitzeko eskatu du Ramaphosak.

Europaren jarrera

Europatik, besteak beste, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Grezia, Alemania eta Espainiako ordezkariek hartu dute parte. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bi estatu (Israel eta Palestina) aitortzea defendatu du gatazkaren konponbide gisa, eta "zibil guztiak" babesteko deia egin du: "Zibil guztiak babestu behar ditugu. Berriro diot, zibil guztiak: Hamasek bahituta dauzkanak eta Gazan izugarrikeria pairatzen ari direnak". Eta hori lortzeko modu bakarra laguntza humanitario gehiago eta su-etena direla nabarmendu du, nazioarteko komunitateak bi estaturen oinarriak ezartzeko ahalegina egitearekin batera, "elkar errespeta dezaten eta segurtasunean eta bakean batera bizi daitezen".

Sanchez Mahmud Abbasekin aurrez aurre bildu da, eta elkartasuna adierazi dio.

safds

James Cleverly Erresuma Batuko Atzerri ministroak esan du Nazioarteko Zuzenbidea eta Gazako zibilen bizitzak errespetatzeko eskatu diotela Israeli, eta irtenbide diplomatiko baten alde egin du, "israeldarrak eta palestinarrak bakean bizi daitezen". "Elkarbizitza baketsuak irabazten duela bermatu behar dugu", azpimarratu du.

Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak ere "eskalada bat saihestea" eta "bi estaturen irtenbidea lortzeko" bide orria egitea eskatu du. "Esku-hartze militar batek ere ezin du konponbide politiko bideragarri bat ordezkatu", gaineratu du.

Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroak Hamasi egotzi dio Gazako Zerrendako eta Israelgo "herritar guztien sufrimenduaren ardura". Horren arabera, Hamasek "ez du Palestinaren izenean hitz egiten" eta "terrorearen hizkuntza besterik ez du erabiltzen".

Europar Batasunaren izenean, Charles Michel Europako Kontseiluko presidentea aritu da. Horren hitzetan, Israelek "bere burua defendatzeko eskubidea" du, "baina nazioarteko legearen barruan". "Israelen eta bere herriaren aurkako terrorismoa gogor eta zalantzarik gabe gaitzesten dugu", esan du bere hitzaldia abiatzeko, eta gehitu du "mundu guztiak" izan behar duela "gatazka gelditzeko eta zibilak, batez ere haurrak, babesteko bitartekari".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Egipto Ekialde Hurbila gaur Jordania Hamas albisteak