Mundua -

Israel-Hamas gerra

Israelen blokeoak aurrekaririk gabeko krisi humanitarioa eragin du Gazan

Nazio Batuen Erakundeak laguntza humanitarioa koordinatzeko duen bulegoak esan du premiazkoa dela eremura ura eta erregaia sartzeko baimena ematea. "Ospitaleak kolapsotik gertu daude", nabarmendu dute. Bien bitartean, laguntza daramaten ehunka kamioi ez atzera ez aurrera daude mugan.

Emakume palestinar bat negarrez, senitarteko bat hil dela eta, Khan Yunis errefuxiatuen eremuan. EFE
Emakume palestinar bat negarrez, senitarteko bat hil dutela eta, Khan Yunis errefuxiatuen eremuan.
Emakume palestinar bat negarrez, senitarteko bat hil dela eta, Khan Yunis errefuxiatuen eremuan. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamas erakundeak joan den urriaren 7an ezustean egindako erasoari Israelgo Gobernua ematen ari den erantzunak aurrekaririk gabeko krisi humanitarioa eragin du Gazan, lehendik larria zen egoera muturreraino eramanda. Gobernuz kanpoko erakundeek ohartarazi dute egoera jasangaitza dela, eta armada israeldarraren erasoak eten ezean, giza sarraskia erabatekoa izango dela. Une honetan arazo nagusienetakoa ur eta argindar eza den bitartean, laguntza humanitarioa herrialdearen mugan ez atzera ez aurrera dago, Israelek baimena noiz emango zain.

Nazio Batuen Erakundeak laguntza humanitarioa koordinatzeko bulegoak ohartarazi duenez, Gazako Zerrendan infekzioengatik hiltzeko arriskua "berehalakoa" da Palestinako eremu horretara ura premiaz sartzeko baimena ematen ez badute. Erregaia ere behar dute, erietxeak energiaz hornitzeko: "Kolapsotik gertu daude", gaineratu dute. 

Bulegoak emandako datuen arabera, gerra hasi zenetik Gazan kontsumitu ohi zuten uraren % 4 baino ez du pasatzen utzi Israelek. Khan Yunis (Gaza hegoaldea) hiriko ekialdera bideratu dute ur-hornidura, hara iristen ari baitira Gazako iparraldetik ihesi doazen palestinarrak. "Ur eta saneamendu zerbitzua ia erabat etenda dagoenez, Gazako herritarrak gaixotasunak jota hiltzeko arriskua handia da", azaldu du erakundeak. 

Gainera, aurki agortuko da Gazak duen erregai erreserba, eta erietxeak hori erabiltzen ari dira argindarra izateko. "Seigarren egunez jarraian, itzalaldia dago Gazan. Ospitaleak kolapsotik hurbil daude, generadoreak hornitzeko darabilten erregaia agortzear dagoelako. Milaka gaixoren bizia arriskuan dago", gaineratu du. 

Rafahko pasaguneak —Gaza Egiptorekin lotzen duena eta Israelek kontrolatzen ez duen bakarra— itxita jarraitzen duela baieztatu du NBEk. Atzo irekiko zutela iragarri bazuten ere, Israelek Gaza setiatu zuenetik ez da elikagairik, urik edo botikarik sartu. 

Laguntza humanitarioaren inguruko negoziazioak azkartzeko asmoz, Martin Griffiths Nazio Batuen Gai Humanitarioentzako idazkariordea Ekialde Hurbilera joango da gaur. 

10 eguneko epean 2.800 gazatar hil dira Gazako Zerrendan, inoiz baino gehiago. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ura Giza eskubideak Ekialde Hurbila gaur