Mundua -

GATAZKA HISTORIKOA

Armeniako eta Azerbaijango buruzagiak urriaren 5ean bilduko dira Granadan, EBren babespean

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea ere izango dira bertan, Armeniako Irrati Publikoak iragarri duenez.

Nikol Pashinian Armeniako lehen ministroa eta Ilham Aliyev Azerbaijango presidentea. Argazkia: EFE
Nikol Pashinian Armeniako lehen ministroa eta Ilham Aliyev Azerbaijango presidentea. Argazkia: EFE
Nikol Pashinian Armeniako lehen ministroa eta Ilham Aliyev Azerbaijango presidentea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nikol Pashinian Armeniako lehen ministroa eta Ilham Aliyev Azerbaijango presidentea urriaren 5ean bilduko dira Granadan, bi herrialdeen arteko bake hitzarmena negoziatzeko, Armeniako Segurtasun Kontseiluak igande honetan baieztatu duenez.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea ere izango dira bertan, Armeniako Irrati Publikoak iragarri duenez.

Armen Grigorian Armeniako Segurtasun Kontseiluko idazkaria Bruselara joango da datorren asteartean, hitzordua prestatzeko, eta Hikmet Hajiyev Azerbaijango presidentearen aholkulariarekin bilduko da. Macronen, Scholzen eta Charles Michel Europako Kontseiluko presidentearen aholkulariekin ere bilduko dira.

Karabakh Garaia eskualdeak 4.400 kilometro karratu inguru ditu Kaukaso hegoaldean, eta nazioartean Azerbaijanen zati gisa onartuta dago. Hala ere, Artsakh gisa izendatzen dute armeniarrek, 1988tik 1994ra bitartean Karabakh Garaian lehen gerra izan zenetik.

Gerraren muina

Gatazka Sobietar Batasunaren garaian piztu zen, 80ko hamarkadaren amaieran, Karabakh Garaiak (Azerbaijan) Armeniara batzea eskatu zuenean. Gerra hasi zen, eta 25.000 bat hildako utzi zituen. Borrokaldien amaieran, Armeniako indarrek Karabakh hartu eta Azerbaijango eskualde zabalak okupatu zituzten.

Azerbaijanen hitzetan, lurralde okupatuak askatzea ezinbestekoa da gatazkari konponbidea emateko. NBEko Segurtasun Kontseiluak behin baino gehiagotan babestu du eskari hori. 

Armeniaren arabera, aldiz, Karabakh Garaian autodeterminazio eskubidea da irtenbidea, eta lurraldeko ordezkariek gatazka konpontzeko negoziazioetan parte hartzea nahi du. 

2020ko erasoaldia eta irailaren 19ko eraso azkarra izan ondoren, Azerbaijango indarrek su-etena lortu zuten, Armeniako militarrak armagabetzea eta horiek Karabakh Garaitik erretiratzea barne.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Nazioartea Europar Batasuna Europa Eguneko albisteak Albisteak Frantziako presidentea azken ordukoa Asia Olaf Scholz