Mundua -

Giza eskubideak

Iranek ez du onartu NBEk Aminiren heriotzaren osteko protestetako eskubide urraketak ikertzeko duen misioa

Protestak 22 urteko gazte kurduaren heriotzagatik hasi ziren, baina eboluzionatu egin dute, eta orain, manifestariek Errepublika Islamikoaren amaiera eskatzen dute.

Khadijeh Karimi, Irango Errepublika Islamikoko emakumeen gaietarako presidenteordea. Argazkia: EFE.
Khadijeh Karimi, Irango Errepublika Islamikoko emakumeen gaietarako presidenteordea
Khadijeh Karimi, Irango Errepublika Islamikoko emakumeen gaietarako presidenteordea. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iranek esan du ez duela onartzen Nazio Batuen Erakundeak (NBE) joan den ostegunean onartutako misio independentea, irailean Mahsa Amini gaztearen heriotzaren ostean izandako protestetan oinarrizko askatasunen balizko urraketak ikertzeko.

"Irango Errepublika Islamikoak uste du herrialdeko azken bi hilabeteetako gertaerak aztertzeko edozein mekanismo eratzea ez dela beharrezkoa eta subiranotasun nazionala urratzen duela, eta ez du horretarako ezarritako misioa onartzen", adierazi du Irango Atzerri Ministerioak.

NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak ikerketa misio independente bat sortzea onartu zuen atzo, osteguna. Misio horren helburua da giza eskubideen urraketen "ebidentziak biltzea eta aztertzea", dagoeneko 300 hildako baino gehiago, tartean 40 haur, eta 15.000 atxilotu inguru eragin dituen errepresioan. Orain arte, sei atxilori heriotza zigorra ezarri diete.

Iranek ebazpena gaitzetsi eta errefusatu du, eta Errepublika Islamikoaren amaiera eskatzen duten mobilizazioen aurrean bere jokabidea defendatu du. Irango Gobernuak Estatu Batuei, Israeli eta Europako herrialdeei gerra zibila eragin nahi izatea leporatu die, protestekin herrialde persiarra "desintegratzen" saiatzen ari direlakoan.

Protestak 22 urteko gazte kurduaren heriotzagatik hasi ziren, baina eboluzionatu egin dute, eta orain manifestariek Ruhola Jomeini aiatolak 1979an sortutako Errepublika Islamikoaren amaiera eskatzen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Europa NBE Eguneko albisteak Albisteak Iran Israel Manifestazioak Giza eskubideak