Mundua -
Ukrainako gerra
Europar Batasunean sartzeko Ukrainaren hautagaitza babestu dute Frantziak, Alemaniak, Italiak eta Errumaniak
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea Frantziako, Alemaniako, Italiako eta Errumaniako agintariekin bildu da ostegun honetan Kieven.
Agentziak | EITB Media
Europar Batasunean sartzeko Ukrainaren hautagaitza onartzearen alde daudela iragarri dute Frantziako, Alemaniako, Italiako eta Errumaniako Gobernuburuek.
Emmanuel Macron Frantziako presidentea, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra, Mario Draghi Italiako lehen ministroa eta Klaus Iohannis Errumaniako presidentea Kievera joan dira gaur goizean Volodimir Zelenskirekin biltzeko, eta, batzarra amaituta, agerraldi bateratua egin dute.
Europako Batzordea ostiral honetan bilduko da Bruselan, Ukrainaren eskaria aztertzeko eta aipatu herrialdeetako buruzagiek hautagaitza berehala aitortzea babestu dute.
"Europa zuekin dago eta garaipenera arte zuen alboan egongo da", adierazi du Macronek.
Scholzek, berriz, gogora ekarri du 27 estatu-kideak ados jartzea ezinbestekoa dela Ukrainari Europar Batasunean sartzeko hautagai-estatusa emateko. Halaber, prozedura azkar egitea defendatu du.
Edonola ere, azpimarratu du blokean sartu nahi duen edozein herrialdek argi izan behar duela irizpideak zeintzuk diren eta, besteak beste, aipatu du nahitaezkoa dela Europar Batasuneko erakundeak eta zuzenbide-estatua errespetatzea.
Bestalde, Zelenskik berretsi du Ukrainak Europar Batasuneko kide izan nahi duela, gainerako herrialde bazkideen eskubide berak aitortuta, eta "bazkide fidagarria" izango dela nabarmendu du. "Kontinenteko herritarren gehiengoa gure aldarrikapenaren aldekoa da", erantsi du.
Bestalde, Ukrainara arma gehiago bidaltzeko eskatu die Zelenskik bere aliatuei, herrialdearen iparraldean eta ipar-ekialdean egoera larria dela ohartarazita.
"Armak bidalita, bizitzak salbatzen dira etsaiaren aurrean eta gure Gobernuak edozertarako prest dago, gure herria askatzeko eta bakea lortzeko", nabarmendu du.
Bakerako elkarrizketen harira, Zelenskik esan du Errusiak proposamen zehatzak eta benetako ekimenak egin behar dituela. Alabaina, horren ordez, Donbassen eraso gehiago egiten ari direla salatu du.
Gauzak horrela, Vladimir Putinen Gobernuaren jarreraren aurrean "batuta" egoteko eta zigor ekonomiko gehiago ezartzeko galdegin die Europako herrialdeei.
Amaitzeko, esker ona adierazi die gaur Kievera joan diren agintariei. "Ukraina sendo dagoela eta Europan gure lekua topatu nahi dugula erakutsi nahi dut", gaineratu du.