Mundua -

ELKARRIZKETA ETB-N

Barrena: "Ukrainarekin auzokotasuna badago, baina ikuspegi arrazista samarra dago Europaren portaeran"

EH Bilduren europarlamentariaren esanetan, salatu egin behar da Europar Batasunak herrialde ezberdinetatik datozen errefuxiatuekin duen jarrera bikoitza. Bestalde, nazioarteko hainbat erakundek Ukrainako gerra amaitzeko ahalegin diplomatiko handiagoa egin beharko luketela uste du.

Pernando Barrena EH Bilduren europarlamentaria, ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan
Pernando Barrena EH Bilduren europarlamentaria, ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan
''Errefuxiatu ukrainarrekin Europak izandako portaera poztekoa da, baina ez gainontzeko errefuxiatuekin''

5:30

Onintza Aiestaran | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako gerratik datozen errefuxiatuekin Europar Batasuneko erakundeak izaten ari diren jarrera izan du hizpide Pernando Barrena EH Bilduren europarlamentariak ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan. "Auzokotasun bat badago, kulturalki hurbilak gara, baina ikuspegi arrazista samarra ere badago Europaren portaeran". EH Bilduren europarlamentariaren esanetan, salatu egin behar da Europar Batasunak herrialde ezberdinetatik datozen errefuxiatuekin duen jarrera bikoitza, esaterako, Ukrainatik datozenei ateak irekita eta Siriatik edo Afganistandik atera direnei mugak itxita.

Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, dagoeneko bi milioi ukrainar baino gehiago atera dira beren herrialdetik eta Pernando Barrenak adierazi duenez, pasa den astean Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak off batean adierazi zuen 10 milioi errefuxiatu hartzeko prest egon beharko duela Europak. Testuinguru horretan, pertsona horiei arreta osoa eskaini behar zaiela azpimarratu du Pernando Barrenak. 

Gerraren aurrean, deseskalatzea eta diplomazia gailendu behar dira EH Bilduren europarlamentariaren arabera. Ildo horretan, nazioarteko hainbat erakundek Ukrainako gerra amaitzeko ahalegin diplomatiko handiagoa egin beharko luketela uste du. Diplomaziaren alorrean Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak (OSCE), Nazio Batuen Erakundeak (NBE) edo Europar Kontseiluak zeregin garrantzitsuagoa izan behar dutela iritzi dio.

Pernando Barrenaren iritziz, Europar Batasunetik Errusiari ezarritako zigorrek eragin eskasa dute. Are gehiago, kaltetuenak herritarrak, sektore ahulenetako pertsonak direla gehitu du.

"Europak jarraitzen du gasa eta petrolioa erosten Errusiari, europarrok jarraitzen dugu Putini dirua ematen, hori jendeak jakin behar du", gaineratu du. 

Nazioartetik egindako presioaren helburua bi aldeak, Ukraina eta Errusiak mahai batean esertzea eta akordioetara heltzea izan behar duela iritzi dio. 

EH Bilduren europarlamentariaren hitzetan, munduan gertatzen ari den botere borroka horretan kolpe bat eman nahi izan du Errusiak, hurrengo banaketan tarta horren zati esanguratsua nahi duela argi eta garbi adierazteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken orduko berriak Batasun europarra Ukraina Errusia berriak Euskal eurodiputatutak Arrazismoa Euskadin EH Bildu Gipuzkoa Albisteak Gaur Eguneko albisteak Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak Afganistan gaur Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa Errefuxiatuak albisteak gaur