Mundua -
Koronabirusa
Omikron aldaera munduan zabaltzen ari da: Zein neurri hartu dituzte herrialde ezberdinek?
Israelek eta Japoniak mugak ixtea erabaki dute, covid-19aren aldaera berriaren hedapena gelditzeko. Bestalde, Afrikako agintariek salatu dute pandemiari aurre egiteko neurriak zientzian oinarritu behar direla, "eta ez afro-fobian".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi du koronabirusaren omikron aldaera mundu osoan zabaltzeko arriskua "oso handia" dela eta, horrenbestez, premiazko prebentzio neurriak hartzeko deia egin die gobernuei.
Ildo horretan, txertaketa azkartzearen garrantzia azpimarratu du, batez ere kolektibo zaurgarrien artean. Hala ere, herrialde gehienek murrizketak zorrozteko apustua egin dute batez ere.
Omikron aldaeraren lehendabiziko kasuak Hegoafrikan antzeman zituzten eta hainbat herrialdek beren mugak ixtea erabaki dute.
Israelen bart itxi dituzte mugak, omikronen bi kasu baieztatu eta gero. Japoniak gaur iragarri du mugak itxiko dituela, eta zehaztu du etxera itzultzeko asmoz egindako bidaiarien joan-etorria soilik baimenduko duela. Aipatzekoa da herrialde horretan oraingoz ez dutela omikron aldaerari lotutako kutsatzerik detektatu.
Filipinetan abenduaren 1ean ireki behar zituzten mugak txertoaren pauta osoa jaso duten turistentzat, baina testuinguru honetan neurri hori eperik gabe atzeratzea erabaki dute.
Australian ere muga partzialki ireki behar zuten abenduaren 1ean, txertatutako langile kualifikatuen eta ikasle atzerritarren bidaiak ahalbidetuz. Alabaina, aldaera berriaren lau kasu antzeman ostean, irekiera abenduaren 15era arte atzeratzea ebatzi dute.
Europar Batasunari dagokionez, Clement Beaune Europako gaietarako Estatu idazkariak astelehen honetan ziurtatu du Europar Batasuneko herrialdeen arteko mugak irekita mantenduko dituztela, kutsatzeen kopurua okerrera egiten ari den arren.
Bestalde, azken egunetan Afrikako agintari ezberdinak haserre agertu dira, Hegoafrikatik abiatutako hegazkinei sarrera galaraztea erabaki dutelako hainbat herrialdek.
Hala, Lazarus Chakwera Malawiko presidenteak adierazi du mundu guztiak dagoela kezkatuta omikron aldaeraren hedapenagatik, "baina covid-19aren aurkako neurriak zientzian oinarrituta hartu behar dira, eta ez afro-fobian", salatu du Facebook sare sozialean idatzitako mezu baten bidez.
Horrez gain, omikron aldaeraren lehen kasua baieztatu dute arratsalde honetan Espainian. Madrilen detektatu dute. Hegoafrikatik iritsitako bidaiari batek eman du positibo eta Gregorio Marañon ospitalean dago ingresatuta. Sintoma arinak dituela eta, beraz, larri ez dagoela zehaztu dute.