Mundua -

cop26

Euskadik eta Nafarroak euren konpromiso klimatikoak aurkeztu dituzte Glasgowen

Klimaren aldeko mundu-mailako konpromisoa eta lidergoa bultzatzen dituen Under2Coalition Asanblada Orokorraren testuinguruan parte hartu dute.

Eusko Jaurlaritza etorkizuneko energia garbien alde agertu da. Argazkia: Twitter @arantxa_tapia
Eusko Jaurlaritza etorkizuneko energia garbien alde agertu da. Argazkia: Twitter @arantxa_tapia
Eusko Jaurlaritza etorkizuneko energia garbien alde agertu da. Argazkia: Twitter @arantxa_tapia

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadik eta Nafarroak ekintza klimatikoaren inguruko konpromisoak aurkeztu dituzte Glasgowko COP26 klimaren konferentzian.

Klimaren aldeko mundu-mailako konpromisoa eta lidergoa bultzatzen dituen The Climate Group taldeko Under2Coalition Asanblada Orokorraren testuinguruan izan dira bi autonomia erkidegoetako kontseilarien parte-hartzeak.

Klima-aldaketaren mehatxuei aurre egiteko ekintzen % 80 tokiko erregio eta erakundeetatik gauzatzen direla kontuan hartuta, estatuetatik tokiko erakundeekiko "sentsibilitatea areagotzeko" beharra nabaritu du Under 2 Aliantzak. Hala, beharrezko ikusten dituzte finantzaketa-politikak, eskualdeek klima-aldaketaren aurrean har dezaketen arintze-motorearen papera eta horrekiko adaptazioa indartzeko.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumenerako sailburuak, Arantxa Tapiak, Euskadik etorkizuneko energia garbien sorreraren alde egindako apustua aurkeztu du, eta 2022rako aurreikusitako energia berriztagarrien inguruko nazioarteko hitzorduak iragarri ditu. Bestalde, Net Zero superkluster industrialaren ekimena aurkeztu du, joan den ostegunean ofizialdua, Munduko Foro Ekonomikoaren (WEF) eta Nazio Batuen ekitaldi batean.

Gainera, sailburuak Eskoziako Gobernua gonbidatu du Euskadin 2022an izango diren energiaren inguruko bi hitzorduetara: Wind Europa Azoka, datorren apirilean Barakaldoko BECen ospatzekoa, eta ICOE, urrian Donostiako Kursaalen izango den itsas-energien inguruko nazioarteko kongresurik handiena.

Bere aldetik, Itziar Gomez Nafarroako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak Nafarroaren atxikimendua iragarri du ekintza klimatikoko bost helburuko konpromiso berri batekiko. Aldaketa Klimatikoko eta Trantsizio Energetikoko Foru-legearen proiektuan jasota daude konpromiso horiek, eta hondakinei, bioaniztasunari eta ingurumen-justiziari buruzkoak dira.

Nafarroak hartutako konpromisoen artean, 2030erako eraikin publikoak % 100ean zero emisiora iristearen alde sinatu du, eta eraikin publiko guztiek % 100ean energia garbia erabiltzearen alde.

Ingurumen-justiziari dagokionez, Nafarroak bi helbururekiko konpromisoa hartu du. Batetik, sistema eta praktika jasangarriagoetarako bidezko trantsizioa egitea, baliabide iraunkorrak eskaintzeko aldaketa horretan erregai fosilak behar dituztenei.

2030erako klima-aldaketarekin lotutako gobernantza-egituretan emakumeen errepresentazioa hobetzea ere onetsi du, % 30ean gutxienez, berdintasunezko osoko errepresentazio bateranzko helburuarekin.

Naturan oinarritutako konponbideei dagokienez, Nafarroak berretsi egin du eskala handian basoak eta bestelako ekosistema autoktonoak berrezartzeko helburua.

Hondakinen esparruan, 2030rako % 50an murriztu nahi dituzte estatu eta eskualdeetako zabortegietara doazen hondakin organikoak, horretarako ekonomia zirkularrak garatuta. Gainera, urte berdinerako % 15ean gutxitu nahi dute zabortegietarako hondakinen guztizko jarioa.

Gomez kontseilariaren arabera, "geure LGCCyTE proiektuaren baitan jasota dauden helburuak dira, eta ekintza konkretuekin erantzungo diegu. Lege horrek administrazioak, enpresak eta gizartea behartuko ditu hitzetatik ekintzetara igarotzera, guztiok 2050erako zero emisioko Nafarroa horrekiko dugun konpromisoan".

Gaineratu du Nafarroa Estatuko bigarren erkidegoa dela erronka klimatikoari aurre egiten diona "arintzea eta egokitzea bateratzen dituen lege batekin. Lege hori Parlamentuan dago jada, eta tresnarik onena izango da uneko eta etorkizuneko erronka klimatikoei aurre egiteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Zer gertatzen ari da munduan? Nafarroa gaur EAE albisteak Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Larrialdi klimatikoa 2024