Mundua -
COP26
Hamarkada honetan metano isuriak % 30 murrizteko konpromisoa hartu dute 100 estatuk
Helburua betetzeak tenperatura igoera 0,2 gradura mugatzea eta 200.000 heriotza goiztiar saihestea ahalbidetuko luke 2050ean, ekimenaren bultzatzaileen arabera.
Agentziak | EiTB Media
Europar Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek aliantza bat bultzatu dute astearte honetan, COP26 goi-bileran, hamarkada honetan metano isuriak % 30 murrizteko. Nahiz eta karbono dioxidoa baino ezezagunagoa izan, berotegi efektuko gas potentea da metanoa. 100 bat estatuk ekimenarekin bat egin dute, baina Txina, India eta Errusia itunetik at geratu dira.
Helburua betetzeak 2050ean tenperatura igoera 0,2 gradura mugatzea, 200.000 heriotza goiztiar, asmagatik ehunka milaka ospitaleratze eta urtero uztatan 20 milioi tona galtzea saihestea ahalbidetuko luke, proposamenaren bultzatzaileen arabera.
"Lurraren berotzearen % 30 inguru metano isuriek eragin dute Industria Iraultzatik", baina "azkarren eten dezakegun gasetako bat da. Eta eginez klima aldaketa berehala mantsotuko genuke", adierazi du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ekimenaren aurkezpenean.
Metanoa (CH4) zabortegiek, abeltzaintzak eta sektore energetikoak sortzen dute batez ere. Von der Leyenen hitzetan, azken jarduera horrek "murrizketa gaitasun handiena du, zalantzarik gabe".
"Beroaren erdia inguru" metano isurien ondorio da, Joe Biden AEBko presidenteak esan duenez. Oxido nitrosoak, ozono troposferikoak, ur-lurrunak edo fluor gasek, besteak beste, sortzen dute berotegi efektua, buruzagiak erantsi duenez.
Iragan irailean ekimenaren berri eman zutenean, EBk eta bederatzi estatuk soilik bat egin zutela gogorarazi du AEBko presidenteak. Orain, ordea, 100 estatu baino gehiagok babestu dute ekimena, tartean Kolonbia, Togo, Vietnam, Brasil, Kanada, Ekuador, Mikronesia, Txile, Indonesia eta Marokok.
Metano isurien % 70
Nahiz eta Errusia, India eta Txina kanpoan geratu, estatu sinatzaileek metano isurien % 70 suposatzen dute.
John Kerry klima aldaketaren aurkako AEBko ordezkariak ohartarazi duenez, metanoa "CO2a baino 80 aldiz suntsitzaileagoa da, eta gaur dugun 1,1 graduko berotzearen 0,5 gradu eragin ditu".
Atmosfera Zaintzeko Copernicus Zerbitzuak (CAMS) iragarri duenez, karbono dioxidoaren (CO2) eta metanoaren (CH4) isurketa antropogenikoak monitorizatzeko tresna berri bat lantzen ari da.
Era berean, 2030. urterako basoen deforestazioa gelditzeko konprometitu dira mundu osoko 100 herrialde baino gehiago. Gainera, akordioa sinatu duten herrialdeetako hamabik 10.300 milioi euro jarriko dituzte 2021etik 2025era bitartean basoak babesteko eta lehengoratzeko. Kopuru horri batu behar zaio inbertsio pribatuari dagokion zenbatekoa: 6.200 milioi euro.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak karbono dioxidoaren isurketei prezioa jartzeko mekanismoak ezartzeko deia egin die nazioarteko herriei, eta ohartarazi du Europar Batasuna "hiru urteren buruan" hasiko dela zenbait produkturi CO2 muga-zerga ezartzen.