Mundua -
AFGANISTAN
Ebakuazioak, herrialdez herrialde
Abuztuaren 14tik 117.000 pertsona inguru atera dituzte Afganistandik hegazkin bidez. Nazio Batuen Erakundeak uste du beste 500.000 irtengo direla lurreko mugak ireki bezain pronto.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ameriketako Estatu Batuek eta bere aliatuek ahalik eta pertsona gehien ebakuatu nahi dituzte Afganistandik, abuztuaren 31 baino lehen, talibanek duela urtebete AEBekin sinatutako akordioan ezarritako epearen aurretik, alegia.
Aste honetan Kabulgo aireportuan izandako atentatuaren ondorioz, baina, guztia azkartu egin da eta hainbat herrialdek amaitutzat eman dituzte ebakuazioak ostiral eta larunbat artean: Espainiak, Frantziak, Alemaniak, Italiak eta Suediak, besteak beste.
Etxe Zuriak ostegunean jakitera eman zuenez, abuztuaren 14tik 117.000 pertsona ebakuatu ahal izan dituzte aire bidez, baina milaka lagun ateratzeko zain daude oraindik. Nazio Batuen Erakundearen arabera, beste 500.000 pertsona aterako dira lurreko mugak ireki bezain laster.
Hauxe da ebakuazioen zerrenda, herrialdez herrialde, Reuters albiste-agentziak gaur zabaldu duenez:
AEB: 6.800 pertsona ebakuatu dituzte azken 24 orduetan. Guztira, 117.000 lagunen ebakuazioa koordinatu dute.
KANADA: Ebakuazioa amaituta, 3.700 pertsona aterata.
ERRESUMA BATUA: Ebakuazioa amaituta, 13.700 pertsona aterata.
ALEMANIA: Ebakuazioa amaituta, 5.347 pertsona aterata (hasiera batean, ebakuatu beharreko 10.000 pertsona inguru identifikatu zituzten).
FRANTZIA: Ebakuazioa amaituta, 2.600 pertsona aterata.
ITALIA: Ebakuazioa amaituta, ia 5.000 pertsona aterata.
SUEDIA: Ebakuazioa amaituta, 1.100 pertsona aterata.
BELGIKA: Ebakuazioa amaituta, 1.400 pertsona aterata.
IRLANDA: 36 herritar ebakuatu dituzte eta 75 ebakuatu zain dira.
POLONIA: 900 pertsona ebakuatu dituzte.
HUNGARIA: 540 pertsona ebakuatu dituzte.
DANIMARKA: Ebakuazioa amaituta, 1.000 pertsona aterata.
AUSTRIA: Alemaniari eta beste herrialde batzuei esker 89 pertsona ebakuatu ditu, beste 36 pertsona ebakuazioaren zain daude.
SUITZA: Ebakuazioa amaituta, 292 pertsona aterata.
HERBEHEREAK: Ebakuazioa amaituta, 2.500 pertsona aterata.
ESPAINIA: Ebakuazioa amaituta, 2.206 pertsona aterata.
TURKIA: Ebakuazioa amaituta, 1.400 pertsona aterata.
QATAR: 40.000 pertsona baino gehiago ebakuatu dituzte. Operazioak zabalik jarraitzen du.
ARABIAR EMIRERRI BATUAK: 36.500 pertsona baino gehiago ebakuatu dituzte.
INDIA: 565 pertsona ebakuatu dituzte.
AUSTRALIA: 4.100 pertsona ebakuatu dituzte. Gobernuak gutxienez beste 3.000 pertsona atera nahi ditu programa humanitario baten barruan.
ZEELANDA BERRIA: Ebakuazioa amaituta, 276 pertsona aterata.