Mundua -

KORONABIRUSA

Eslovakian COVID-19ko proba masiboak egingo dizkiete herritar guztiei asteburuan

Probak borondatezkoak izango dira, baina proba horiek egiten ez dituztenek hamar egun eman beharko dituzte etxean konfinatuta.

COVID-19ko test-a. Argazkia: EFE
COVID-19ko test-a.
COVID-19ko test-a. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eslovakian COVID-19ko proba azkarrak egingo dizkiete asteburu honetan 10 urtetik gorako herritar guztiei. Birusa detektatzeko eta isolatzeko neurri hori hartu duen lehen herrialdea da.

Probak borondatezkoak izango dira, baina proba horiek egiten ez dituzten herritarrek berrogeialdian egon beharko dute hamar egunez. Herrialdeko lehen ministro Igor Matovicek adierazi duenez, arrakasta izateko "ahalik eta jende gehien joan beharko da". Horren esanetan, norbaitek test publikoetan konfiantzarik ez badu, proba "laborategi pribatu batean egiteko aukera izango du, baina ordaindu egin beharko du".

Operazioa Armadak zuzenduko du, 8.000 agente zabalduko ditu herritarrek probak egiteko erabiliko dituzten 6.000 hauteslekuetan. Zentro bakoitzak militarrak, osasun-langileak eta zibilak izango ditu probak jasotzeko eta prozesua koordinatzeko.

Eslovakiako Gobernuak laguntza eskatu die Medikuntza Graduko azken bi ikasturteetako ikasleei eta Lanbide Heziketako lehen laguntzako ikasleei. Osasun ministro Marek Krakcik zehaztu duenez, 20.000 ikasle behar dira osasun sistema publikoko 50.000 langilek parte hartuko duten operatiboaren funtzionamendua bermatzeko.

Jende pilaketak saihesteko, herritarrak modu mailakatuan joango dira probak egingo dituzten zentroetara.

Herrialdeak 13 milioi test antigeno erosi ditu. Mota honetako probak ez dira PCRak bezain zehatzak, baina emaitzak 15 minutu baino gutxiagoan ematen dute. Matovicen arabera, plana eta materiala erosteko prozesua sekretupean egon dira, probak egiteko beharrezko guztia bazutela bermatu duten arte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak Medikuak Erizaintza Txertoak Eslovakia Koronabirusa