Mundua -
Koronabirusa
Holandan eta Belgikan ere covid-19arekin birritan kutsatu diren pertsonak daude
Koronabirusarekin lotutako infekzio guztiek "kode genetiko desberdina" dute. Orain, immunitateak batez beste zenbateko iraupena duen jakin nahi dute zientzialariek.
Agentziak | Erredakzioa
Holandako eta Belgikako zientzialariek astearte honetan jakitera eman dutenez, covid-19arekin birritan kutsatu diren kasuak atzeman dituzte haien herrialdeetan. Hain zuzen ere, astelehenean baieztatu zuten koronabirusarekin bi aldiz kutsatu den lehen kasua munduan, Espainiatik Txinara bidaiatu zuen 33 urteko hongkongtar bat.
Herbehereetan ere, gaixo bat bigarren aldiz kutsatu dela baieztatu du Marion Koopmans birologoak, pandemiaren hasieratik Munduko Osasun Erakundeko (MOE) eta Hagako Gobernuko aholkulari dena.
Herbehereetako birologoak uko egin dio birinfekzioa duen gaixoaren sintomak zehazteari, izan ere, ohartarazi duenez, "maizago gertatzen den ikusi behar dugu". Hala, bigarren aldiz kutsatutako pazienteak agertzea "aurreikuspen zientifikoekin bat" datorrela adierazi du, "baina oraindik ez zegoen horren ebidentziarik".
"Arnas infekzioak bi aldiz gerta daitezke, edo baita maizago ere. Badakigu pertsona bat ez dagoela bizitza osorako babestuta behin kutsatu bada, eta horixe bera espero dugu covid-19arekin", zehaztu du Koopmansek, eta gaineratu du birusaren anduien sekuentzia genetikoak ezberdinak direla bi kasuetan, koronabirusarekin lotutako infekzio guztiek "kode genetiko desberdina" dutelako.
Bestalde, Belgikan, Marc Van Ranst birologo eta Gobernuko osasun aholkulariak baieztatu duenez, koronabirusa gaindituta zuen emakume belgikar bat gaixotu egin da berriro, lehen aldiz kutsatu eta hiru hilabetera. Gaitza atzemateko detekzio-proben laginak aztertu ondoren, birusaren bi andui ezberdin direla ondorioztatu dute ikertzaileek.
Orain, immunitateak batez beste zenbateko iraupena duen jakin nahi dute zientzialariek, sintoma larrienak izan dituztenek arazo arinak dituztenek baino antigorputz gehiago dituztela antzeman ondoren. Dena dela, "antigorputzak pilatu izanak ez du esan nahi pertsona hori immunea denik", ohartarazi du Holandako birologoak.