Mundua -
Bolivia
Añezen gobernuak Genozidio delitua leporatu dio Moralesi
Hauteskundeak irailaren 6an izatea eskatzen dute gizarte taldeek, eta ez urriaren 18an, Hauteskunde Batzordeak iragarri bezala. Inkestek Luis Arce ematen dute irabazletzat.
Agentziak | Erredakzioa
Alvaro Coimbra Boliviako Justizia ministroak Evo Morales presidente ohiaren aurkako salaketa bat jarri du, "genozidio eta terrorismo delituak" egotzita, herrialdeko errepide batzuetan azken asteotan egin dituzten mobilizazio eta blokeoen atzean egotea leporatuta.
Horrez gain, Luis Arce Sozialismorako Mugimenduko (MAS, gaztelaniazko sigletan) hautagaia eta David Choquehuanca Moralesen gobernuko Kanpo Gaietarako ministroa ere salatu ditu Jeanine Añezen Gobernuak.
"Pertsona horien aurkako salaketa jarri dugu genozidioa, terrorismoa eta sedizioa leporatuta, baita osasunaren aurkako delituak, oinarrizko zerbitzuen aurkako delituak, baliabide publikoak suntsitzea eta, gainera, ingurumenaren aurkako delituak egotzita ere, parke nazionalei su ematen saiatu direlako eta herritarrak delituak egitera bultzatu dituztelako", adierazi du Coimbrak.
"Ez zaitez oker egon, Morales diktadorea. Inork ez ditu zure hitzaldiak sinesten, guk Boliviako Konstituzioa eta legeak betearaziko ditugu. Ez dugu ihes egingo eta ez diegu gure asmoei uko egingo, ez gara koldarrak izango; boliviarrak babestuko ditugu", esan du Coimbrak Twitter bidez zabaldutako mezu batean.
Tokiko gizarte taldeek joan den astean aurreratu zuten errepideetan blokeoak egiteko asmoa zutela Hauteskunde Auzitegi Gorenak hauteskundeak atzeratzeko erabakian atzera egiten ez bazuen. Izan ere, irailaren 6rako aurreikusita zeuden arren, urriaren 18ra atzeratzea erabaki zuen, koronabirusak eragindako pandemia dela eta.
Sozialismorako Mugimenduak, berriz, Añezen Gobernuaren jokabidea salatu du, horrela Arcek presidentetzarako hauteskundeak irabaztea saihestu nahi dutela iritzita.
Boliviako egungo krisi politikoa urriaren 20ko hauteskundeekin batera hasi zen. Oposizioak Moralesen hauteskunde-iruzurra salatu zuen, eta Amerikako Estatuen Erakundeak (AEE) "irregulartasunak" egon zirela azpimarratu zuen.
Horren aurrean, Moralesek dimisioa eman eta Boliviatik alde egitea erabaki zuen (lehenik Mexikora eta gero Argentinara). Horrek istilu oldea sortu zuen, eta 30 pertsona baino gehiago hil ziren bere aldekoen eta kontrakoen eta segurtasun indarren arteko liskarretan.
Testuinguru horretan, maiatzaren 3an hauteskundeak errepikatzea adostu zuten alderdiek, baina koronabirusaren eraginez data hori atzeratu egin behar izan zuten. Beste data bat ezartzeko ezintasunaren aurrean, Kongresuak irailaren 6a aukeratu zuen, eta Hauteskunde Auzitegi Gorenak onartu egin zuen hasieran, baina Añezen gobernuak ez zuen begi onez ikusten, hauteskundeak are gehiago atzeratzea nahi baitzuen.