Mundua -
Koronabirusa
Dagoeneko 8.000 pertsona baino gehiago hil dira Frantzian koronabirusaren eraginez
Azken 24 orduetan 357 pertsona hil dira ospitaleetan, aurreko egunean baino 84 paziente gutxiago. Frantziako Gobernuak 70.478 kasu baieztatu ditu guztira.
Agentziak | Erredakzioa
Frantzian, 8.078 pertsona hil dira azken asteetan koronabirusaren eraginez, Osasun Ministerioak jakitera eman duenez. 5.889 herrialde horretako ospitaleetan hil dira, eta 2.189, zaharren egoitzetan.
Azken 24 orduetan, 357 pertsona hil dira ospitaleetan, aurreko egunean baino 84 paziente gutxiago; izan ere, larunbatean 441 gaixo hil ziren.
Ospitaleetan, 28.891 pertsona daude koronabirusaren eraginez ospitaleratuta, alegia, aurreko egunean baino 748 gehiago. Horietako 6.978 egoera larrian daude, eta zainketa intentsiboak behar dituzte.
Frantziako Gobernuak 70.478 kasu baieztatu ditu guztira, eta paziente gehien artatu behar dituzten eremuetako ospitaleek gainezka ez egiteko beste zonalde batzuetara eramaten dituzte egoera larrian ez dauden gaixoak.
Azken 24 orduetan, 47 gaixo aldatu dituzte, eta, beraz, 613 dira jada martxoaren 18tik tren medikalizatuetan edo hegazkin militarretan lekualdatu dituzten pazienteak.