Mundua -

Koronabirusa

Italian 800 hildako eta 2.000 kutsatu gehiago zenbatu dituzte egun bakarrean

Azken orduotako datuak kontuan izanda, guztira 12.428 pertsona hil dira herrialdean datuak biltzen hasi zirenetik. Halaber, koronabirusa zuten 15.729 lagun sendatu dira jada.

Erroma (Italia). Artxiboko argazkia: EFE
Erroma (Italia).
Erroma (Italia). Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiak 800 hildako baino gehiago eta 2.100 kutsatu batu ditu astearte honetan koronabirusaren eraginez. Dena dela, kutsatutakoen kopuruak goia jo duela ziurtatu dute bertako agintariek, eta, grafikoaren malda lautzen ari dela ikusi dutenez, egun gutxi barru beheranzko joera hartuko duela aurreikusi dute. Dagoeneko 105.000 kutsatu baino gehiago zenbatu dituzte herrialdean.

Zehazki, Italiako Babes Zibileko buruak jakitera eman duenez, azken 24 orduetan 812 hildako izan dira herrialdean, ondorioz, datuak biltzen hasi zirenetik 12.428, eta beste 2.107 kasu berri izan dira egun bakarrean, 105.792 guztira. Gainera, koronabirusa zuten beste 1.109 gaixo sendatu dira azken egunean, eta, beraz, 15.729 dira dagoeneko sendatutakoak.

Era berean, Roberto Borrelli Gemelli Poliklinikoko geriatra eta Italiako Gobernua aholkatzen duen batzorde tekniko zientifikoko kideak ospitaleratutako gaixoen kopurua ere murrizten ari dela azpimarratu du. Hala, martxoaren 26an 1.276 kasu berri izatetik astelehen honetan 397 izatera igaro direla azaldu du, eta zaintza intentsiboen unitatean artatu berriak ere murrizten ari dira, 120 izatetik 42 izatera.

Borrellik nabarmendu duenez, COVID-19 izenarekin ezagutzen den gaitza duten gaixoen % 59 euren etxeetan daude isolatuta, hau da, 45.420 pertsona guztira. Horrez gain, uneotan 28.192 pertsona ospitaleratuta daude, eta 4.023 zainketa intentsiboen unitatean.

Bestalde, Borrellik pandemiaren biktimen inguruko xehetasun batzuk eman ditu, batez besteko adina 79 urtekoa dela eta "% 70 gizonezkoak" direla azalduz. Gainera, % 52k hiru patologia zituztela gaineratu du, % 25ek bi eta % 21ek bat (gainerakoek bat ere ez). Orain arte hildako 12.000 pertsonetatik 23k baino ez zituzten 40 urte baino gutxiago, eta horietatik 15ek patologiak zituzten aurretik, nabarmendu duenez.

Aurretik, Silvio Brusaferro Italiako Osasun Institutu Goreneko presidenteak esan du Gobernuak hartutako neurriak "emaitzak ematen" ari direla, eta "testen arabera egindako kasu positibo berrien grafikoak erakusten digu goia jotzen ari garela". "Orain, beheranzko joera hasi behar da", gaineratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Gaixotasunak Grezia Eguneko albisteak Albisteak Italia Osasun albisteak Medikuak Erroma Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa