Mundua -

EB-tik ateratzea

Komunen Ganberak 'brexit'erako akordioa babestu du, baina epea luzatuta

Johnsonek "geldialdi" unean utzi du orain 'brexit'erako akordioa onartzeko prozesua, EBk urriaren 31ko epea luzatzen duen ala ez ikusi arte.

Komunen Ganbera. Argazkia: Efe
Komunen Ganbera. Argazkia: Efe
Komunen Ganbera. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Britainia Handiko Komunen Ganberak oniritzia eman dio Boris Johnson lehen ministroak Europar Batsunarekin negoziatu duen 'brexit'erako akordioari, baina ez lehen ministroak proposatutako epeak. Hau da, Parlamentuak ez du onartu urriaren 31n EBtik ateratzea.

Legeak Parlamentuaren aldeko botoa jaso badu ere (329 alde eta 299 kontra), diputatuek epeak laburtzearen aurka egin dute (322 ezezko eta 308 baiezko).

Johnsonek mehatxu egin zuen hauteskundeak aurreratzen saiatuko zela eta 'brexit' legea atzera botako zuela egutegia onartuko ez balitz. Oraingoz, lehen ministroak iragarri du legea "geldialdi" unean utziko duela, Europar Batasunak urriaren 31ko epemuga luzatzea onartzen duen ala ez erabaki arte.

Jeremy Corbyn oposizioko buru laboristak EBtik ateratzeko "zentzuzko egutegia" adosteko prestutasuna agertu dio Gobernuari.

Laboristek eta DUP Ipar Irlandako unionisten alderdiak aurreratua zuten epeen aurka bozkatuko zutela, onarpen azkarra Westminsterren "gehiegikeria" zela iritzita.

"Gaur, Komunen Ganberak uko egin dio erabat garrantzitsua den lege proiektu baten inguruan ia denborarik gabe eztabaidatzeari", adierazi du Jeremy Corbyn buruzagi laboristak.

Corbynek esan du Johnson dela "zorigaizto propioaren egilea", eta "zentzuzko egutegia adosteko elkarlana" eskaini dio. "Komunen Ganberak eztabaidatzearen aldeko botoa emango duen susmoa dut. Hori izango litzateke zentzuzko bidea", gaineratu du.

Bestalde, Jo Swinson Liberal Demokraten buruzagiak EBri luzapena eskatzeko deia egin dio, urriaren 31ra akordiorik gabe ez iristeko. "Utzi arrisku neurtuko politika", adierazi dio.

EBren zain

Johnsonek, bere aldetik, iragarri du bertan behera uzten duela 'brexit'aren Parlamentuko prozedura EBk erantzun bat eman arte.

"Orain, Europar Batasunak pentsatu egin behar du nola erantzun Parlamentuak eskatutako luzapenari. Gobernuak bide arduratsu bakarra hartu eta akordiorik gabeko irteerarako prestatu behar du. EBk erabakia hartu arte, bertan behera geratzen da legea", azaldu du.

Lehen ministroak diputatuei aurpegiratu die "luzapenaren alde egitea urriaren 31n EB akordioarekin uztea bermatzen zuen egutegia" babestu beharrean. "Orain zalantza handiago baten aurrean gaude", salatu du.

Paradoxikoena da, 'brexit'ak Parlamentuaren lehen oniritzia jaso duenean etorri dela prozesuaren geldialdia.

Saio berean, Komunen Ganberak aldeko 329 botorekin eta kontrako 299rekin onartu du lege proiektua, Parlamentuko izapideekin jarraitzeari bide emanez.

'Brexit'aren krisia

Johnsonek eta EBk aurreko astean egin zuten akordioa Theresa Mayren aurreko proposamena zuzentzeko, Ipar Irlandako mugari dagokion puntuan hain zuzen ere.

Akordio berriari onespena eman behar die Komunen Ganberak eta Europarlamentuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Batasun europarra Eskozia Europa Erresuma Batua albisteak Eguneko albisteak Albisteak Brexit albisteak Zer da Brexita Londres azken ordukoa Ingalaterra albisteak Britainiar lehen ministro ohia