Gizartea -

Manifestazio nazionala

'Gernika-Palestina' ekimenak Palestinako sarraskia arbuiatzeko deia egin du

Herri-ekimenak larunbatean 17:30ean hasiko den manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin du, Israel egiten ari den genozidioarekin amaitu eta nazioarteko komunitateari eskatzeko "bide guztiak" erabili ditzala hura su-etenera itzultzera behartzeko.

Gaur Saguesen egin duten agerraldiko une bat. EITB Media.
Gaur Saguesen egin duten agerraldiko une bat. EITB Media.

Gaur Saguesen egin duten agerraldiko une bat. EITB Media.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Gernika-Palestina' herri ekimenak manifestazioa deitu du larunbat honetarako Donostian, Israel Palestinan egiten ari den "sarraskia" amaitzea eskatzeko eta nazioarteko komunitateari eskatzeko "bide guztiak" erabili ditzala hura su-etenera itzultzera behartzeko.

Plataformako kideek ostegun honetan eman dituzte deialdiaren xehetasunak, Saguesen, Nestor Basterretxearen 'Bakearen usoa' eskultura parean egin duten prentsaurrekoan. 

Maite Aristegi, Ibon Meñika eta Teresa Toda bozeramaileek esandakoaren arabera, 17:30ean hasiko da manifestazioa, Alderdi Ederretik Sagueseraino joango da, 'Genozidioa stop! Israel, ¡alto el fuego ya!' lelopean. 

Nabarmendu dutenez, "zailtasunak zailtasun" bi hilabete iraun duen su-etenak piztutako itxaropenaren ostean, aste honetan menia hori apurtu izanak agerian utzi du Israelek "Trumpen administrazioaren disimulurik gabeko laguntzarekin, eta nazioarteko komunitatearen isiltasun gorgarri edo axolagabetasunarekin" ez duela jarraitu nahi hitzartutako su-etenaren faseekin jarraitzerik. 

"Kolpetik desagertu dira Gazan laguntza humanitarioa eta bizitza duinago baterako baldintzak", salatu dute plataformako kideek, eta deitoratu dute palestinarrak atzera ur, elikagai eta antzeko oinarrizko hornigairik gabe gelditu direla. 

"Israelek, argi eta garbi, genozidioaren hautua egin du, sarraski fisikoaren aldekoa, Palestina krudelkeriaz bonbardatuz eta umeak jo-puntuan jarriz. 

Egoera honetan euskal jendartea oro har, eta eragile politiko, sozial eta sindikalak berriz ere mobilizatzera eta larunbateko manifestazioan parte hartzera deitu dituzte. 

Manifestazio horretan "nazioarteko komunitateari eskatuko zaio Israel behartu dezala, eskura dituen bide guztiak erabiliz, nazioarteko ebazpenak bete eta su-etenaren bidera itzultzera, palestinarren eskubideak bermatzeko eta Palestinak justizia, lurra eta bakea" izan ditzan, bai eta "bere etorkizuna eraiki eta erabakitzeko gaitasuna ere". 

Aristegi, Meñika eta Todak haur-oinetako sorta bat jarri dute ondoan, Donostiako manifestaziora bertaratutakoei oinetakoak ekar ditzatzela eskatzeko, amaieran, "irudi harrigarri" bat sortzeko. 

Gernika-Palestinak deituta gisa honetako manifestazio bat egin zen 2023ko urriaren 21ean, Donostian bertan. Orduko hartan milaka herritarrek hartu zuten parte, baina alderdi politiko, sindikatu eta GKEtako kide ugarik ere. Martxoaren amaieran "konponbide justu" baten aldeko ekintza gehiago deitzeko asmoa iragarri dute. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gazako Zerrenda Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Manifestazioak