Gizartea -
UDALEKUAK
Udalekuak 2025 programak 4.112 plaza eskainiko ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, uztailaren 1etik 29ra
Hiru foru aldundiek elkarlanean antolatzen dituzten udalekuak 7 eta 13 urte bitarteko Euskal Autonomia Erkidegoko haurrei zuzenduta daude. Izena martxoaren 18tik 28ra eman ahal izango da.
EITB Media
Hiru aldundiek elkarlanean antolatu duten Udalekuak 2025 kanpainak 4.112 plaza eskainiko ditu 7 eta 13 urte bitarteko Euskal Autonomia Erkidegoko haurrentzat. Eskainitako txanda guztiak 7 egunekoak izango dira.
Udalekuak uztailaren 1etik 29ra bitartean egingo dira, biak barne, eta izena emateko epea martxoaren 18tik 28ra zabalik egongo da. Hala ere, inskripzioa egiteko datak ezberdinak dira lurraldearen arabera: martxoaren 19tik 28ra, Araban; martxoaren 18tik 27ra, Bizkaian, eta martxoaren 18tik 28ra Gipuzkoan.
Izena Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien webguneetan eman ahal izango da, gehienez ere hiru partaideko taldeetan. Zozketa bidez aukeratuko dituzte partaideak: apirilaren 3an, Gipuzkoan; apirilaren 15ean, Araban eta apirilaren 29an, Bizkaian.
Parte-hartzaile bakoitza erroldatuta dagoen lurraldean inskribatuko da, baina Aldundien artean plazak trukatzeko aukerari esker, beste lurraldeetan egindako udalekuetan parte hartu ahalko du.
15 instalazio eta bi hizkuntza aukeran
Hiru aldundiek 15 instalazio jarriko dituzte: 3 Arabak —Zuhatza, Barria eta Espejo—, 7 Bizkaiak —La Arboleda, Gorliz, Lurraska, Meakaur, Lapurreketa, zehaztu gabeko beste bat, eta Kattalin (Legasa)— eta 5 Gipuzkoak —Txurruka, Zarautz, Juan Sebastian Elcano, Abaraxka eta Irisarriland—.
Hizkuntzari dagokionez, bi aukera daude: euskarazko txandak (3.842 plaza) eta txanda elebidunak (270 plaza).
Kuotak
Aurten ezarritako kuota orokorra 142 eurokoa da. Prezio horretan sartzen dira ostatua, gosaria, bazkaria, askaria eta afaria, dinamizazio zerbitzua, istripu eta erantzukizun zibileko asegurua, eta joan-etorriko garraioa jatorrizko lekutik (Donostia, Bilbo eta Gasteiz) helmugako instalazioetara.
Gainera, lurralde bakoitzak hobariak ezarri ditu gizarte laguntzak jasotzen dituzten familientzat eta familia ugarientzat.
Halaber, hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonak —desgaitasun fisikoa, psikikoa, sentsoriala edo soziala dutenak— aisialdiko jardueretan integratzea sustatzeko, foru-aldundiek plaza guztien % 5 talde horrentzat gordetzen dute.