Gizartea -

ADINEKOEN ZAINTZA

Zaintza, kezka-iturri: gizartea zahartzen ari da eta orain arteko zaintza ereduak agortuta daude

65 urtetik gora dituzten biztanleen kopurua 670 mila pertsonakoa da Hego Euskal Herrian. Ia biztanleriaren laurdena dira dagoeneko eta kopuru hori azken urteetan goranzko bidean doa etengabe. Zaintzari dagokionez, gehienak etxeetan bizi badira ere, adinekoen egoitzek ezin diote eskariari erantzun.

Adineko pertsonak biztanleria osoaren ia laurdena dira Hego Euskal Herrian. Argazkia: EITB.
Adineko pertsonak biztanleria osoaren ia laurdena dira Hego Euskal Herrian. Argazkia: EITB.

Adineko pertsonak biztanleria osoaren ia laurdena dira Hego Euskal Herrian. Argazkia: EITB.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemiak agerian utzi zuen edadeko pertsonen zaintzaren inguruan eraikitako sistemak ez diela gaur egungo beharrei erantzuten. Mendekotasunen bat duten senitartekoak norbere etxean zaintzea zaildu egin da familia askorentzat, egoitzetako plaza kopuruek ezin izaten diote dagoen eskariari aurre egin eta itxaron-zerrendak sortzen dira…

65 urtetik gorako gizon-emakumeen kopuruak nabarmen egin du gora azken hamarkadan. Gaur egun, Hego Euskal Herriko biztanleria osoaren ia laurdena dira (% 23); 669.600 pertsona hain zuzen ere. Duela hamar urte, 2014an, adin-tarte horretakoak ez ziren 570.000 pertsona izatera iristen eta biztanleriaren % 20 osatzen zuten.

Biztanleria zahartzen doan heinean, hazten dira mendekotasuna duten pertsonen kopurua eta horien zaintzarako beharrak. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan 95.000 edadeko pertsona daude, mendekotasun mailaren bat dutelako, laguntzaren bat jasotzen. Adituen aurreikuspenen arabera, kopuru horrek gora egingo du hurrengo urteetan.

Ondorioz, hurrengo urte eta hamarkadetan erronka handi bati egin beharko diote aurre Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Nafarroako Gobernuak, haien esku baitago, hein handi batean, mendekotasuna duten adinekoen zaintza kudeatzea.

Hain zuzen ere, gizarte gaietarako sailak izan ohi du erakundeotan aurrekonturik handienetakoa. 2025eko aurrekontuetan Arabak 267 milioi euro bideratu ditu gizarte politiketara; Bizkaiak, 755 milioi euro; eta Gipuzkoak, 534,5 milioi euro. Nafarroako Gobernuko Gizarte Sailak 663,4 milioi euroko aurrekontua izango du.

Kopuru horretatik, % 38-44  mendekotasuna duten adineko pertsonen zaintzara bideratu ohi da: etxeko zaintza finantzatzera, egoitzetako plazak ordaintzera, eta abar.

Mendekotasuna duten pertsona edadetu gehienak etxe partikularretan (senideekin edo zaintzaileekin) bizi dira oraindik ere; % 27 daude adinekoen egoitzetan. Hala ere, mendekotasunak maila jakin batzuk gainditzen baditu, zaila izan ohi da pertsona horiek etxean zaintzea.

Hain zuzen ere, Nafarroako adinekoen egoitzetan 5.862 gizon eta emakumerentzako lekua dago gaur egun. Euskal Autonomia Erkidegoan, aldiz, 19.853 plaza daude, modu honetara banatuta: Bizkaian 10.974, Gipuzkoan 5.322 eta Araban 3.557. Plazen erdia inguru publikoak eta hitzartutakoak dira (% 88 Gipuzkoan); alegia, erakundeen dirulaguntzekin finantzatzen dira.

Kostua

Izan ere, adinekoen egoitza batean bizitzeak hilean 4.000 eurotik gorako kostua izan dezake. Hego Euskal Herriaren kasuan, ordua, kostu horren erdia baino gehiago foru aldundiek edo foru gobernuak ordaindu dezakete plaza publikoa edo kontzertatua eskuratuz gero. Kasu gehienetan, egoitzetako erabiltzaileen egoera ekonomikoaren arabera ezartzen da prezioa, eta behar izanez gero, erabiltzaile batzuek ez dute ezer ordaintzen.

Alabaina, adinekoen egoitzetako plaza publiko eta kontzertatuen kopurua ez da nahikoa gaur egun dagoen eskariari erantzun ahal izateko. Lurralde guztietan hainbat hilabetetako itxaronaldiak egon ohi dira. Nafarroan, adibidez, bataz beste, 11 hilabete inguru itxaron behar izaten da plaza kontzertatu edo publiko bat lortu arte.

Une honetan, guztira, lau lurraldeetako datuak kontuan hartuta, 4.000 lagun inguru daude egoitzaren batean lekua egin zain, bertara bizitzera joan ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoako albisteak Albisteak Nafarroa Araba Gizartea albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua berriak Adinekoentzako egoitzak Bizkaiko Foru Aldundia azken ordukoa Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak Arabako Foru Aldundia albisteak Pertsona edadetuak