Gizartea -

Inauteriak

Koloreak, musikak eta alaitasunak hartuko dituzte Euskadiko kaleak asteburu honetan

Gasteizen, Bilbon eta Donostian desfile ikusgarriak egingo dituzte, larunbatean eta igandean, eta tolosarrek Zaldunita egunarekin batera zabalduko dituzte mozorroen kutxak igandean.

Inauteriak Bilbon. EFE
Inauteriak Bilbon. EFE

Karrozen desfile ikusgarria Donostiako erdigunean

0:44

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko kaleak kolorez, musikaz eta alaitasunez beteko dira asteburu honetan, inauteriek Euskal Autonomia Erkidegoko txoko guztiak blaituko baitituzte. Ekitaldi jendetsuak egingo dituzte, eta umorea eta irudimena izango dira nagusi EAEko hiru hiriburuetan, eta zer esanik ez Tolosan.

Gasteizen, asteburuko festa, ohikoa den moduan, Margolarien kalejirarekin hasi da, antzerki eta fanfarre konpainiek lagunduta. Urteroko hitzordu honetan, parte-hartzaileek koplatxo tradizionalak abestu dituzte, eta Ibiltaria pintore jantziekin jantzi da berriro.

Inauterietako konpartsen lehen desfilea larunbat arratsaldean egin da. Udalak segurtasun eta zarata arrazoiengatik parte-hartzaileen kopurua mugatu duen arren, 7.000 gasteiztar baino gehiago atera dira kalera desfileetan. Gaua ere luze joan da, DJak, berbenak eta txarangak izan baitira han eta hemen, ordu txikiak arte.

Igandean, desfilea egingo dute berriro, eta jaia asteartean amaituko da, irriak lantu bihurtuta, sardinaren erreketa eta segizioaren ekitaldiarekin.

Mozorro erakustaldia Arabako hiriburuan
Mozorro erakustaldia Arabako hiriburuan

Mozorro erakustaldia Arabako hiriburuan

0:43

Bizkaian, festa bi asteburutan

Bizkaian, inauteriak egun desberdinetan ospatzen dira, eta, horrela, asteburu honetan gehiagorako gogotsu geratzen denak datorrenean jarraitu ahal izango du festa. 

Bilbon, ostegunean hasi zen festa, eta asteartera arte iraungo du, 50 jarduera baino gehiagoko egitarau zabalarekin.

Bizkaiko beste toki batzuetan, Santurtzin, Sestaon eta Algortan (Getxo) esaterako, datorren asteburura atzeratu dute inauterietako egitaraua.

Horrela, atzo goizean Bilboko ia 2.000 ikaslek desfilea egin zuten, hiriko erdigunea kolorez eta barrez beteta, eta txokolatada handi batez gozatu zuten.

Ondoren, hiriko bi pertsonaia enblematiko atxilotu zituzten: Farolin, harroputza, eta Zaranbolas, bizitza ona eta carpe diema irudikatzen dituena. Aurten Josu Camara aktore eta zinemagileak eta Oihana Bartra bertsolariak gorpuztu dituzte. 

'Inauterietako larunbat handian', Gargantua, erraldoiak eta buruhandiak kalera atera dira eguerdian, mozorroen desfilea izan da arratsaldean, baita sari banaketa ere. 

Aratuste giroan murgildu da Bilbo
Aratuste giroan murgildu da Bilbo

Aratuste giroan murgildu da Bilbo

0:41

Gauean, Mikosis Aste Nagusiko saria irabazi zuen bandaren kontzertua izan da, eta erromeria Nonbait taldearekin.

Jai-egitarauak aurrera jarraituko du, ekitaldi ugari izango baitira, baina alaitasuna negar bihurtuko da asteartean, hilaren 4an, Plaza Barriaren eta Arriaga plazaren arteko sardinaren ehorzketaren ikuskizunean. 

Inauteriak Bilbon. EFE.

Konpartsak Donostian

Donostian, 4.000 lagun atera dira kalera larunbatean 26 konpartsa eta elkartek egin duten desfilean, eta igandean ere egingo dute. 

Konpartsak izango dira, zalantzarik gabe, egun hauetako protagonista nagusiak. Ostiraelan Illunben egin zuten mozorroen aurkezpena, eta ohiko mozorroez gain, "mahai-jokoetan" edo "baso sorginduetan" inspiratutako diseinu koloretsuak ere ikusi ahal izan ziren. 

Desfile jendetsuak hiriaren erdiguneko kaleak zeharkatu ditu larunbatean eta desfilea berriz egingo da igandean, erdigunean. Martxoaren 8an Loiolako Erriberan, martxoaren 9an Altzan eta martxoaren 15ean Bidebietan errepikatuko da. Horrela, inauteriek bi aste iraungo dute.

Eneko Goia Donostiako alkateak Momo jainkoaren esku utzi du egunotan hiriko agintea, eta ura izango da festaren errege, bai Donostian, bai lurraldeko beste txoko askotan ere. 

Tolosa, inauterietako hiriburua

Tolosako inauteriak, frankismo garaian debekatu ez ziren bakarrak, ostegunean abiatu ziren, txupinazoarekin, eta igandean joko du goia, Zaldunita (inauterietako igandea) egunarekin, irudimenaren festa handia lehertzen denean.

Beti egoten da Tolosan ostegun, ostiral edo larunbatean mozorrotuta agertzen den kanpotar despistaturik, baina tradizioak agintzen du mozorroen kutxa igandera arte itxita izan behar dela. Hortik aurrera, hori bai, irudimenak eta umoreak bor-bor egingo dute.

Txarangak, karrozak eta konpartsak nagusituko dira Tolosako kaleetan, eta milaka festazale joango dira Tolosara egun hauetan horiekin batera ongi pasatzera. 

Zaldunita inauterien erdialdean helduko da, baina hortik aurrera ere izango da ondo pasatzeko aukerarik bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Tolosa Inauteriak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Jaiak