Gizartea -
Indarkeria matxista
EHUko ikasleek Gasteizko Letren Fakultateko irakasle bat salatu dute, ikasleak jazarri eta ukitzeagatik
Ikasleek Filologia Hispanikoko irakaslearen bulegoan gertatutako izaera sexualeko erasoak azaltzen dituzte salaketetan. Lehenengo salaketa otsailaren 3an aurkeztu zen. Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak (GUET) asanblada irekia deitu du ostegunerako 13:00ean Letretako Fakultatean.
EITB Media
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) emakumezko ikasleek irakasle bat salatu dute jazarpenagatik eta ukituak egiteagatik. Erakunde akademikoak abian jarri du horrelako kasuen aurkako protokoloa. Salaketa guztiak anonimoak dira, eta Instagrameko Euskal Herria Salaketak kontuaren bidez atera dira argitara.
Lehenengoa otsailaren 3an aurkeztu zen, eta bertan Gasteizko Letren Fakultateko ikasle batek Filologia Hispanikoko irakasle batek egindako era guztietako jazarpenak salatu zituen. Hurrengo egunetan salaketa gehiago jarri dira sare sozial horretan.
Guztietan, kontakizunak antzekoak dira. Emakumezko ikasleek irakaslearen bulegoan gertatutako izaera sexualeko jazarpenez, ukituez eta komentarioez hitz egiten dute.
Egoera horiek ez omen dira berriak, aspaldidanik gertatu izan baitira. Biktimen esanetan, Fakultateko arduradunei horien berri eman zitzaien, baina ez zuten inolako neurririk hartu.
Euskal Herriko Unibertsitateak onartu du "hainbat salaketa formal" jaso dituela, eta, horren ostean, genero-indarkeriari aurre egiteko protokoloa aplikatu dio salatutako irakasleari, baina ez du argitu eskolak emateari utziko dion gertatutakoa argitu arte.
Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak (GUET) asanblada irekia deitu du ostegunerako 13:00ean Letretako Fakultatean. "Argi dugu, eraso ororen aurrean eta erasotzaileen inpunitatearen aurka antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu", adierazi du taldeak.
EHUk bere webgunean argitaratutako ohar batean azaldu duenez, Errektoretza Taldeak kasuaren berri izan duen unetik bertatik abian da protokoloak zehazten duen prozedura.
EHUko gobernu taldea "berehalako erantzuna" ematen ari zaio, Berdintasun Zuzendaritzarekin elkarlanean, nabarmendu duenez. "Beharrezko neurriak hartuko dira, protokoloak zehazten dituen urratsei jarraituta", ziurtatu du.
Era berean, esan du unibertsitatearen lehentasunak direla "kolektibo guztien eta, bereziki, biktimen eskubideak bermatzea eta horiei babesa ematea".
"Unibertsitatea tolerantzia eta errespetu eremua izan dadin, unibertsitateko kolektibo guztiak gaude engaiatuta, bai ikasleak bai langile guztiak. Horren erakusle da azken boladan izandako salaketa kopuruaren ugaritzea, eta Errektoretza Taldea erabateko lehentasunez ari da kudeatzen", azaldu du.