Gizartea -
OSAKIDETZA
Osakidetzak 34 elgorri kasu baieztatu ditu azaroan Bizkaian atzemandako agerraldiari lotuta
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azaldu duenez, kasu guztiek bilakaera ona izan dute.
EITB Media
Bizkaian azaroan atzemandako elgorri agerraldiari lotuta 34 kasu baieztatu ditu Osakidetzak, eta horietatik 16 osasun alorreko profesionalak dira, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiral honetan jakinarazi duenez.
Kasu guztiek "bilakaera ona" izan dute, txertaketa-tasa altuak dituzten herrialde eta eskualdeetan —Euskadi, kasu— ohikoa den eredu epidemiologikoari jarraituz.
Osakidetzak abian jarritako zaintza eta jarraipen protokoloak indarrean jarraitzen du, eta prebentzio-neurriak indartzea gomendatzen du —maskara janztea, adibidez— osasun-eremuan dauden langileen, gaixoen eta horien laguntzaileen artean, bereziki, larrialdietan.
Halaber, txertoak egunean izatearen garrantzia azpimarratu du Osasun Sailak, bai haurren artean, bai helduen artean. Euskadin, txertoen estaldura % 96,79koa izan da (2023an) lehen dosirako, eta % 92,44koa bigarren dosirako.