Gizartea -
OSAKIDETZA
Nor doa Lehen Arretako Minaren Unitatera? 52 urteko emakumea, fibromialgia, bizkarreko mina edo migrainak jota
Salburuako osasun zentroko Minaren Unitatean 768 gaixo artatu dituzte lehenbiziko urtean. Osakidetzaren helburua da esperientzia pilotu hori, arian-arian, Lehen Mailako Arretako sare osora zabaltzea.
EITB Media
Osakidetzaren Lehen Mailako Arretako Minari Aktiboki Aurre Egiteko Unitateak 768 gaixo artatu ditu lehenbiziko urtean, Salburuako osasun zentroan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez. Gehienak emakumeak dira, batez beste 52 urte dituztenak, eta fibromialgia, bizkarreko mina edo migraina dutenak.
Normalean, Lehen Mailako Arretako espezialistek deribatzen dituzte aipaturiko Minaren Unitate berrira, bai Familiako Medikuntzatik, bai Erizaintzatik. Ospitale-espezialitateetatik ere deribatzen dituzte, hala nola Erreumatologiatik, Traumatologiatik, Errehabilitaziotik, Minaren Unitatetik eta Neurologiatik.
Osakidetzak 2023ko azaroan jarri zuen martxan Salburuako Minaren Unitatea, eta, esperientzia pilotu hori, arian-arian, Lehen Mailako Arreta sare orora zabaltzea da helburua.
Min iraunkorra duten gaixoen asistentzia hobetzea eta min hori ezabatzen saiatzea, edo, gutxienez, arintzea. Horixe da proiektuaren xedea. Medikuek, erizainek eta fisioterapeutek osatzen duten unitate aitzindari horrek Lehen Mailako Arretako zerbitzuak indartzen ditu.
Pertsona bat Minari Aurre Egiteko Unitatera iristen denean, elkarrizketa bat egiten zaio, eta, bertan, bere historia medikoa jasotzen da. Halaber, galdetegi baten bidez, bere bizi-kalitatearekin lotutako hainbat alderdi ebaluatzen dira, baita minak egunero nola eragiten dion ere. Informazioa bildu ondoren, esku-hartzea azaltzen zaio; taldeko esku-hartzea izaten da, gehienetan.
Esku-hartzeak Minaren Zientziako Hezkuntzan (MZH) oinarrituta daude. Fibromialgiaren edo bizkarreko minaren kasuan, bi orduko 16 saio izaten dira eta horiek ariketa terapeutikoarekin tartekatzen dira. Migrainaren kasuan, esku-hartzeak 2 orduko 6 saio izan ohi ditu.
Lehenbiziko urte honetan Salburuako unitatean baloratutako 768 pertsona horietatik, 189k dagoeneko amaitu dute tratamendua, eta 202, berriz, oraindik horretan ari dira.