Gizartea -
Eguraldia
Giro petrala, bihardanik
Euriak eta hotzak hartuko dute lekua ia aste osoan, fronteak eta aire masa hotzak espero baitira datozen egunetarako, ostiralerako salbu.
EITB MEDIA
Adio, hego haizea; adio, udaberri giroa. Okerrera nabarmen eginda, makur dator eguraldia asteon. Fronte bat dakar astelehenak. Kantauri isurialdean euria egingo du bihar, 09:00etatik aurrera gutxi gorabehera. Tenperaturek, gainera, freskatzera egingo dute, egunak aurrera egin ahala, eta iluntzean neurtuko dira baliorik baxuenak. Gaurko 21-22 graduak bazter utzita, gehienez 15 gradura helduko dira termometroak astelehenean. Ez da euri askorik pilatuko, baina giro petrala izango da eskuarki.
Astearterako are eguraldi kaskarragoa iragarri dute. Tenperaturak beste koska bat egingo du behera (gehienez 13-14 gradu egongo dira kostaldean, eta 10-11 barnealdean). Euri txikia izango da zeinahi lekutan, Nafarroa erdialdean eta hegoaldean salbu. Han, ateri eutsiko dio egunak, 11 gradurekin Iruñean, eta 12rekin Tuteran.
Asteazkenean asteko bigarren frontea iritsiko da gurera. Berriro euritara egingo du. Goizean eta eguerdian botako du gehien. Egunaren amaieran, aldiz, atertu egingo du. Termometroak nekez helduko dira 15 gradura kostaldean, eta 13 gradutik beherako balioak neurtuko dira barnealdean.
Ostegunerako, aldaketa gutxi. Zaparradak izango dira nagusi eguerditik aurrera, Kantauri isurialdean bereziki. Izan ere, barnealdean ez dirudi euririk egingo duenik.
Lau egun aterki azpian igaro ostean, ostiralean giro argiagoa izango da, eta tenperatura atseginagoak; kostaldean adibidez, 17 gradu inguruan ibiliko dira, hego haizeari esker.
Eguzkiak eta udaberri giroak, ordea, gutxi iraungo dute, larunbat eta iganderako negu gorria baitator. Oraindik goiz da iragarpen zehatza egiteko, baina aire masa hotz bat omen dator Euskal Herrira. Hotza ekarriko du horrek, baita elur maila nabarmen jaistea ere. Igandean ere, makur joango da eguna. Asteko egunik hotzena izango da, eta 1.000 metrotik behera zuritu lezake.