Gizartea -
Indarkeria matxista
Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleek bi irakasle salatu dituzte indarkeria matxistagatik
Hezkuntza Kontseilaritzak irakasleetako bat behin-behinean kargutik kendu du, eta horren kontrako salaketa dago jarria, sexu delitua egotzita. Beste maisu bat ere ikerketapean dute, kasu horretan ikasgelan iruzkin sexistak egitea leporatuta.
EITB Media
Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko hainbat ikaslek zentroko bi irakasle salatu dituzte indarkeria matxistagatik, EITB Mediak baieztatu ahal izan duenez.
Bi kasuetan, euren kontrako diziplinazko espedienteak zabaldu ditu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Kontseilaritzak. Hala, irakasleetako bat jardunetik kendu dute, behin-behinean, ikasleak sare sozialen bidez jazartzea egotzita. Gainera, gizon horren kontrako salaketa aurkeztua dago Espainiako Poliziaren aurrean, sexu delitua egotzita.
Horrez gain, gutxienez sei ikaslek kexa formala aurkeztu dute Kontserbatorioko zuzendaritzaren aurrean beste irakasle baten kontra. Horren kasuan, ikasgelan iruzkin sexistak egitea egotzi diote. Langilea bajan dago auzia lehertu zenetik.
Egoera salatzeko gaur bertan elkarretaratzea deitu dute ikasleek 10:00etan, kontserbatorioaren atarian. Diotenez, euren "erasotzaileekin ikasgelan giltzapetuta" daude, eta egoerak ezin du horrela jarraitu.
Hain justu, hiru irakasle "erasotzaileen" izen-abizenekin kartelak jarri dituzte zentroaren fatxadan, eta emakumearen ikur more handi bat paratu dute atarian, biktimei babesa adierazteko.