Gizartea -
TXOSTENA
Hego Euskal Herriko 80.000 langile baino gehiago bizi dira pobrezia egoeran
Enplegua eta diru-sarrerak izan arren, oinarrizko gastuei aurre egiteko zailtasunak dituzten herritarrak dira. Nafarroa da langileen pobrezia tasa (% 6,3) baxuena duen erkidegoa Espainiako Estatuan.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
"Ozta-ozta iristen gara hilabete amaierara, maileguak edota kredituak eskatuz, eta agonia luzatzen dugu. Nire soldatarekin lau lagunok jaten dugu. Emazteak urteak daramatza langabezian. Egunean, egunekoa. Gauza askori uko egin behar izan diegu, lagunekin irteteari, adibidez..." 54 urteko langile baten lekukotza da, eta langileen pobrezia zer den erakusten du. Lan-kontratua izan arren, jasotzen duten soldatarekin ezin oinarrizko gastuei aurre egin. Horixe da, izan, langileen pobrezia, eta egoera horretan bizi dira 80.000 herritar baino gehiago Hego Euskal Herrian —61.069 EAEn eta 19.227 Nafarroan, Estatistika Institutu Nazionalaren arabera—. Pertsona migratzaileak, etxeko langileak eta familia ugariak eta guraso bakarrekoak dira kaltetuenak.
'Langileen pobrezia: lan egitea hilabete amaierara iristeko nahikoa ez denean' goiburupean, Oxfam Intermon erakundeak kaleratu berri duen ikerketak utzi ditu datuok. Bertan nabarmentzen denez, Nafarroa da langileen pobrezia tasa (% 6,3) baxuena duen erkidegoa Espainiako Estatuan, eta EAE du atzetik (% 6,6). Orotara, ia hiru milioi langile bizi dira txirotasun egoeran Estatuan (% 1,7).
Txostenak dio nekazaritzan eta etxeko lanetan aritzen diren herritarrak direla pobrezia mota hori gehien pairatzen dutenak; sektore horietako hamar langileetatik hiru bizi dira txirotasun egoeran, enplegua izan arren. Atzetik, ostalaritzako eta eraikuntzako beharginak daude; hamarretik bik lan-pobrezia bizi dute. Halaber, familia ugarien % 40 eta guraso bakarreko familien % 30 bizi dira egoera horretan.
Batik bat, etxebizitzaren eta oinarrizko zerbitzuen garestitzea dira arazoaren eragile. Pobreziaren atalasearen azpitik bizi diren familiek diru-sarreren % 67-% 79 artean bideratzen dute etxebizitza eta oinarrizko gastuak ordaintzera. Egoera horrek berekin dakar, azterlanaren arabera, oinarrizko osasun-zerbitzuei uko egin behar izatea. Txirotasun egoeran dauden familien erdiek baino gehiagok ezin izan dute dentista, oftamologo edota psikologoarenera joan, osasun-egoerak hala eskatzen bazien ere.
Ikerketaren beste ondorioetako bat da, azken urteotan enplegua sortu bai, baina kalitate baxukoa sortu dela. Lan baldintza duinik gabe pobrezia egoerari aurre egitea ezinezkoa dela dio Oxfamek txostenean. Halaber, baliabide ekonomikoen faltan, txirotasun egoeran bizi diren % 54 ikasketak uztera behartuta ere egon dira, bizirauteko.
Andaluzia (% 19,4) da langileen pobrezia tasa altuena duen erkidegoa Estatuan, eta sailkapenean ondoren daude Extremadura (% 17,2), Ceuta (%16,4), Gaztela Mantxa (% 15,4), Murtzia (% 14,3), Kanariak (%13,8) eta Valentzia (% 13,8).