Gizartea -

HIZKUNTZA ESKUBIDEAK

222 intzidentzia erregistratu zituen iaz Elebidek, gehienak esparru publikoan euskara ez erabiltzeagatik

Eusko Jaurlaritzak 2007an martxan jarritako zerbitzua da Elebide, eta helburua da hala eskatzen duten herritarrei hizkuntza-eskubideak babesten laguntzea. Gaur, zerbitzu horren iazko txostena onartu du Gobernu Kontseiluak.

Elebiden jasotako kexa gehienak Osakidetzarekin zerikusia izan zuten. Argazkia: Irekia
Elebiden jasotako kexa gehienak Osakidetzarekin zerikusia izan zuten.
Elebiden jasotako kexa gehienak Osakidetzarekin zerikusia izan zuten. Argazkia: Irekia

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hizkuntza eskubideen urraketekin lotutako 222 intzidentzia erregistratu zituen 2023an Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak, eta horietatik 176 izapidetu ziren, azken 6 urteotako daturik baxuena. Kexa guztien % 91,3 (147) esparru publikoan gertatutako eskubide-urraketak ziren. Gehienak, EAEko Administrazio Orokorrari (% 40,8) eta Toki Administrazioari (% 31,8) lotuta izan ziren.

Eusko Jaurlaritzak 2007an martxan jarritako zerbitzua da Elebide, eta helburua da hala eskatzen duten herritarrei hizkuntza-eskubideak babesten laguntzea, informazioa eta aholkularitza eskainiz. Herritarrek hizkuntzaren inguruan egindako kontsultak, iradokizunak eta kexak kudeatzen ditu. Gaur, zerbitzu horren iazko txostena onartu du Gobernu Kontseiluak.

Izapidetutako intzidentzietatik, 161 kexak izan ziren, eta 159 kasutan, euskara erabiltzeko eskubidearekin lotutako urraketa salatu zen. Soilik bi kasutan gaztelaniarekin lotuta egon zen eskubide urraketa. Gainontzeko intzidentziak kontsultak (11), eskaerak (2) eta iradokizunak (2) izan ziren.

Kexen tipologiari dagokionez, gehienak (49) idatzizko harremanetan gertatzen diren urraketekin lotutakoak izan ziren. Ahozko harremanetan izandako urraketekin zerikusia duten 43 kexa ere jarri ziren, eta hizkuntza-paisaian atzemandakoekin, beste 43.

Osakidetza izan zen kexa gehien jaso zituen erakundea: guztira, 26.  Tokiko Administrazioari dagokionez, orotara 56 kexa jaso ziren, gehienak (48) Bizkaiko udalekin eta haren menpeko erakundeekin zerikusia zutenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak