Gizartea -

Nazioarteko eguna

Zaintza, landa eremuan desparekotasuna areagotzen duen faktorea

Landa eremuko emakumeek gizonek baino ia 10 aldiz denbora gehiago bideratzen dute beste pertsona batzuk zaintzera (1:42 ordu lehenek, 12 minutu bigarrenek). Gainera, egunero bi ordu gehiago egiten dute lan.

EITB MEDIA
EITB MEDIA
EITB MEDIA

Manu Gimenez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Landa eremua ez da salbuespena. Gizonen eta emakumeen arteko desparekotasuna nabarmena da, eta inguruaren ezaugarriek are gehiago desorekatzen dute egoera, zerbitzurik ez edukitzeak, besteak beste.

Gaur, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunean, emakumeek ingurune horretan egiten duten ezinbesteko lana goraipatzeko eguna da, baina ezin aipatu gabe utzi lan horrek gizonekiko desparekotasuna areagotzen duela.

EAEko biztanleriaren % 14 bizi da landa eremuan, 2.000 biztanletik beherako, kilometro koadroko 100 herritar baino gutxiagoko eta BPGaren % 3 lehenengo sektoretik datorren udalerrietan, hain zuzen ere.

Pertsona horietatik, erdiak emakumeak dira (129.000 inguru, Eusko Jaurlaritzaren azken txostenaren arabera), eta uste denaren aurka, soilik % 22k ditu 65 urte baino gehiago, hiriguneetan baino gutxiagok (% 26).

Emakume horiek, batez beste, egunero zortzi ordu egiten dute lan (etxeko lanak, zaintza eta soldatapekoa), gizonek baino bi ordu gehiago, eta lan egiteko adina dutenen % 46k besterik ez du soldatapeko lana.

Hori horrela, landa eremuko emakumeek, batez beste, bi ordu eta 36 minutu aritzen etxeko lanetan, gizonek egiten dutenaren halako bi. Hala eta guztiz ere, alde handiena besteen (mendekoak edo adingabeak) zaintzan sortzen da: emakumeak egunero 102 minutu aritzen dira horretan; gizonezkoak, ordea, 12 minutu.

EITB MEDIA

Gainera, alde handia dago hiri ingurunearekin konparatuta, bertan emakumeek egunean batez beste ordu erdi egoten baitira besteak zaintzen.

Nafarroako Gobernuak egindako txosten baten arabera, "zaintzaren ardura bereziki emakumeena izateak eta ondarearen eskualdatzea gizonezkoen artean egiteak", beste arrazoi batzuen artean, "kalte egin dio emakumeari nekazaritza sektorean aurrera egin dezan".

Izan ere, Nafarroan lau nekazaritza ustiategitik bat dago emakume baten izenean, Iparraldean bezalaxe, eta landa eremuko emakumeen % 1ek bakarrik egiten du lan lehenengo sektorean, eta gizonezkoek halako lau.

EAEn ere oso antzekoa da datua, ustiategien % 25 inguru baitago emakumeen esku.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nekazaritza Abeltzaintza