Gizartea -
Indarkeria matxista
Beldur Barik ekimenaren aurtengo lehiaketa, abian
Gaztetxoen artean indarkeria matxista prebenitzeko asmoz, 12-20 urtekoei horren aurkako jarrera erakusten duten bideoak bidaltzeko eskatu diete. Bideo onenek saria dute. Azaroaren 8ra arte dago lehiaketan parte hartzeko aukera. 'Beldur Barik' abestia ere gaur estreinatu dute.
EITB Media
Abian da EAEko erakundeek urtero antolatzen duten Beldur Barik egitasmoa. Gaurtik azaroaren 8ra arte, 12 eta 20 urte bitarteko gazteek ikus-entzunezko lanak aurkeztu ahal izango dituzte lehiaketaren 15. ediziora.
Emakundek sustatzen du ekimena, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartearekin batera. Beldur Barik programaren helburua gazteen artean indarkeria matxista prebenitzea da, gazteei gonbita eginez indarkeria matxistaren aurrean berdintasunarekiko konpromisoa ager dezaten ikus-entzunezko lanen bidez.
Bideo bakoitzak 3 minutuko iraupena izan behar du gehienez, eta nerabeek eta gazteek indarkeria sexistaren aurrean duten hausnarketa eta jarrera jaso beharko ditu; hau da, Beldur Barik jarrera irudikatu nahi da, neskek eta mutilek desberdintasun-egoerei aurre egiteko dituzten moduak definitzen dituena eta errespetuan, askatasunean, autonomian eta erantzunkidetasunean oinarritutako harremanak eraikitzen dituena.
Banaka zein taldeka (ikastetxea, gaztelekua...) har daiteke parte. Lehiaketak 3 kategoria ditu (12-14 urtekoena, 15-17 urtekoena eta 18-20 urtekoena), kategoria bakoitzeko lan irabazleak 400 euro jasoko ditu eta aipamen bereziak 200 euro, eta 300 euroko bi sari egongo dira: ikus-entzunezko lan onenak jasoko du horietako bat, eta bideo bozkatuenak jasoko du bestea.
Beldur Barik abestia
Lehiaketarekin batera, Beldur Barik abestia estreinatu da, edizio honetarako propio sortutakoa. Hainbat artistak elkarlanean osatutako abesti honek gazteak indarkeria matxistaren aurrean modu aktiboan azaltzera bultzatu nahi ditu. Garazi Zabaleta Mendizabalek konposatu eta ekoitzi du abestia, eta Victor Sanchezek (Elkar Estudioa) grabatu eta masterizatu du. Leire Olariaga (Ithaka), Afrika (Afrika Bibang) eta Ane Agirre (Biren) artistek jarri diote ahotsa, eta Leslie (@wambramorena) izan da horren bideokliparen koreografia sortzeko arduraduna.