Gizartea -
Suizidioa prebenitzeko eguna
Iaz, 204 pertsonak egin zuten euren buruaz beste Hego Euskal Herrian
Gaur da suizidioa prebenitzeko nazioarteko eguna. Izan ere, pentsamendu suizidei aurrea hartzea funtsezkoa da. Europar Batasunean, gazteen artean suizidioa da lehen heriotza eragilea.
EITB Media
Iaz 204 pertsonak egin zuten euren buruaz beste Hego Euskal Herrian, Eustat Euskadiko Estatistika Institutuak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera. Hain justu, gaur da, irailaren 10ean, Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Eguna, eta horren harira zabaldu dituzte datuok.
Adituen ustez, suizidio arriskuan dauden pertsonak identifikatzea eta haien jarraipena egitea giltzarri da arazoari aurrea hartzeko. Europar Batasunean, gazteen artean suizidioa da lehen heriotza eragilea.
Eustatek uztailean jakinarazi zituen suizidioaren inguruko 2023ko datuak. Horien arabera, gizonezkoak izan ziren nagusi (% 74) euren buruaz beste egin zuten pertsonen artean (141etik 105), eta 40-49 eta 50-59 urte bitartekoek izan zuen intzidentzia gehien. LGTBIQ+ kolektiboa da zaurgarriena, bereziki, pertsona transexualak.
2022arekin alderatuta, behera egin dute suizidioek, baina duela 40 urteko datuekin alderatuz gero, bikoiztu egin da bere buruaz beste egiten dutenen kopurua.
Nafarroan, 2024ko lehen seihilekoan, 23 pertsona hil ziren bere buruaz beste eginda, eta Osasun Departamentuak 163 suizidio kode (suizidio arriskuan dauden pertsonak identifikatzeko eta jarraitzeko Osasunbidearen tresna) aktibatu zituen, % 57 emakumeak izan ziren.
Espainiako estatuan azken urtean bere buruaz beste egindakoen artean % 82 psikofarmakoak hartuta hil ziren, eta igo egin da intoxikazioz artatu dituzten 11 eta 15 urte arteko nerabeen kopurua ere, horien artean gehienak neskatilak izan dira.
Suizidio-saiakerek ere gora egin dute: heriotza bakoitzeko 20 saiakera inguru daudela uste da.
Suizidioa prebenitzeko planak
Munduko Osasun Erakundeak (MOE) 2014an emandako gomendioei jarraiki, EAEn eta Nafarroan heriotza mota hori prebenitzeko egitasmo eta erakundeak daude sortuta. Eusko Jaurlaritzak duela bost urte osatu zuen Euskadiko Suizidioan Prebenitzeko Plana, eta Nafarroako Suizidioaren Erakunde arteko Batzordeak 10 urte bete berri ditu.
Espainiako Estatuan, baina, ez da horrelakorik. Hain zuzen ere, atzo aurkeztu zuen Espainiako Osasun Ministerioak Suizidioa Prebenitzeko Ekintza Plana eta gaur zortzi azalduko die erkidegoei, Osasun Sistemaren lurralde arteko batzordeak behin betiko testua onartu eta 2025ean indarrean sar dadin.
Pentsamenduak, ideiak edo jokabide suizida izateko arriskurik baduzu, deitu 024 doako telefonora. Jokabide suizida izateko arriskua duen pertsona baten senide edo hurbilekoa bazara, deitu 024 telefonora. Osasun Ministerioaren telefonoa da. Familia-medikuarenera ere joan zaitezke. Larrialdi egoeran bazaude, deitu zuzenean 112 zenbakira.