Gizartea -
Irteera-Itzulera operazioa
Abuztuko lehen asteburu hau izango da uda osoko trafiko dentsitate handienekoa
Errepide bidezko joan-etorriek nabarmen egingo dute gora egun hauetan, oporrak abuztuan hartuko dituztenak eta uztailean hartu dituztenak elkartuko baitira.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak egindako aurreikuspenaren arabera, asteburu honetan espero dira joan-etorri gehien Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan. Izan ere, oporrak abuztuan hartuko dituztenak eta uztailean hartu dituztenak elkartuko dira.
Zirkulazio arina bermatze aldera, eta Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean, behin-behineko seinaleztapena jarri dute Armiñongo lotunean, eta, beharrezkoa izanez gero, Argantzon eta Armiñongo AP-1 autobiderako sarbidearen artean A-1 errepidearen parean doan N-1 errepidea bide alternatibo gisa erabiltzeko aholkatuko dute.
Errepidera atera aurretik, trafikoaren egoera kontsultatzea gomendatu du Eusko Jaurlaritzak: 011 telefono zenbakian, www.trafikoa.euskadi.eus webgunean, TrafikoaEJGV aplikazioan edo X sare sozialean, @TrafikoaEJGV kontuan.
Udako Irteera-Itzulera Operazio Bereziaren lehen balantzea
Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak Udako Irteera-Itzulera Operazio Bereziaren lehenengo balantzea egin zuen astelehenean. Horren arabera, ekainaren amaieratik 1.900.000 joan-etorri zenbatu dituzte Biriatuko mugako pasabidean, bi noranzkoetan, 2023an baino % 2,5 gehiago. Oro har, Afrika iparraldera eta, neurri txikiagoan, Portugalera joateko zeharkatzen dute muga.
Barneko fluxuei dagokienez, oraingoz, iazkoak baino zertxobait handiagoak direla esan zuen Trafiko zuzendariak. Kantabriako noranzkoan izan dira pilaketarik handienak.
Lehen balantzearen arabera, 3 pertsona hil dira EAEko errepideetan azken hilabetean izandako istripuetan.