Gizartea -
EITB DATA
Turismoa masifikatzen ari al da EAEn eta Nafarroan?
Gure hiri eta kaleak turistaz beteta daudela iruditzen zaigu askotan, baina hala da edo ustea besterik ez da? Erantzun bila, EITBk azken hilabeteetako turismoaren datuak bildu ditu. Horien arabera, turismoa hazi egin da nabarmen, baina ez ditu Estatuak jasotzen dituen turisten % 5 ere jasotzen.
EITB MEDIA
Urteko lehen hilabeteetan, 3 milioi turista baino gehiago jaso ditugu Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Datuek argi erakusten dutenez, sektorea goranzko joeran dago; izan ere, turista kopurua % 19 hazi da Euskal Autonomia Erkidegoan, iazko garai berarekin alderatuta, eta % 15ekoa izan da igoera Nafarroan.
Turisten gorakada orokorra izan da Espainiako Estatuan (% 13), eta horrek pandemiaren garaiko beherakada gainditu dela baieztatzen du.
Hala ere, Hego Euskal Herriak Estatuko turismo fluxuari egiten dion ekarpena biztanleriaren pisua baino txikiagoa da oraindik: turisten % 5 jasotzen ditugu eta Estatuko biztanleen % 6 ditugu. Turismo helmuga klasikoak diren Kanarietan edota Balear Uharteetan kontrakoa gertatzen da.
Atzerriko turismoaren hazkundeak eragin du, hein handi batean, 2024ko lehen zatian izandako igoera hau. Kasu honetan, gainera, igoera Estatuan baino nabarmenagoa izan da, han % 21 igo baita.
Alabaina, gaur-gaurkoz gurera etortzen diren turista gehienak Estatukoak dira (% 62 EAEn eta % 72 Nafarroan). Madrilgoak, Kataluniakoak edota Gaztela eta Leongoak izaten dira.
Gehienek hoteletan hartzen dute ostatu, batez beste bi egun pasatzen dituzte gure artean eta egunean 200 euro inguru gastatzen dituzte.
Txangozaleak
Gune turistikoetan, bertakoak, turistak eta txangozaleak elkartu ohi gara, eta horrek bisitariz inguratuta gaudela pentsarazten digu.
Hain zuzen ere, nazioarteko txangozaleen fenomenoak indar handia du gurean. Beste leku batzuetan (Ipar Euskal Herrian, esaterako) ostatu hartzen duten edo itsas bidaian iristen diren eta egun bakarreko bisita egiten diguten pertsona ugari jasotzen ditugu, batik bat uda garaian.
Kasu horretan, nabarmentzekoa da bisitari horiek Estatuan sortzen duten gastuaren % 19 EAEn egiten dutela. Nafarroak gastu horren % 7 bereganatzen du.