Gizartea -
Basauriko kartzela
Preso bat hilik aurkitu dute Bizkaiko espetxean, itxuraz bere buruaz beste eginda
2021ean espetxeen eskumena eskualdatu zenetik, EAEko kartzeletan hildako zazpigarren presoa da. Ikerketa abia dezala eskatu dio Salhaketa elkarteak Eusko Jaurlaritzari, eta suizidioen aurkako protokoloak behar bezala martxan jartzeko ere.
EITB Media
Bizkaiko espetxean (Basauri), itxuraz bere buruaz beste eginda, preso bat hilik aurkitu ondoren, gertatutakoa argitzeko ikerketa abia dezala eskatu dio presoen aldeko Salhaketa elkarteak Eusko Jaurlaritzari, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez. Suizidioen aurkako protokoloak behar bezala martxan jartzeko ere egin dio deia.
2021ean espetxeen eskumena eskualdatu zenetik, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) kartzeletan hildako zazpigarren presoa da. Halako gertakarien aurrean, "gardentasunez jokatu" eta informazioa eman dezala eskatu dio Salhaketak Jaurlaritzari.
Era berean, suizidioaren aurkako protokoloak "azkarrago" aktiba ditzala eskatu dio Gobernuari, presoen %75ek buruko gaitzak dituztela aintzat hartuta.
Osasun mentalaren arazoari aurre egiteko, preso, funtzionario eta hirugarren sektoreko elkarteen arteko "elkarlana" bultzatu nahi du Salhaketak. Horregatik, bilera eskatuko dio Maria Jesus San Jose Justizia sailburu berriari.