Gizartea -
Irteera-itzulera Operazioa
Bi milioi ibilgailuk baino gehiagok gurutzatuko dute EAE uda honetan
Eusko Jaurlaritzak seinale bereziak jarriko ditu Portugalera eta Afrikako Iparraldera doazenei bidea errazteko. Horrez gainera, barneko joan-etorriak 2023koen antzekoak izango direla espero dute, 40 milioi inguru.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, uda honetan bi milioi ibilgailuk baino gehiagok zeharkatuko dutela Euskadiko Autonomia Erkidegoa, batik bat, Itsasartea Igarotzeko Operazioaren ondorioz, Portugalerako eta Afrika iparralderako bidean.
Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak Udako Irteera-Itzulera Operazio Berezia aurkeztean azaldu ditu datu hauek. Aurten, gainera, Parisko Olinpiadekin (uztailaren 26tik abuztuaren 11ra) batera izango da operazioa, eta horrek trafiko-fluxuetan eragina izan dezakeela uste dute.
Olabarrik azaldu duenez, seinale bereziak jarriko dira AP-1eko irteera (Etxabarri Ibiñan) eta N-622 errepidea (Gasteizerako noranzkoan) lotzea errazteko eta Gasteizen N-622 eta A-1 errepideen lotunean, Burgos/Madrilerako noranzkoan, biak irteera-operazioan.
Itzulera-operazioari dagokionean, seinale bereziak jarriko dira Armiñongo lotunean, AP-1 eta A-1 errepideak lotzen diren lekuan, Gasteizerako noranzkoan.
Horrez gainera, barneko trafikoari dagokionez, 2023ko antzeko joan-etorri kopurua edo handiagoa espero dela espero dute; alegia, 40 milioi joan-etorri baino gehiago.
Edonola ere, ohikoa den moduan, arreta berezia jarriko dela iragarri du opor garaian kritikoak izan ohi diren puntuetan: A-8an, Kantabriarako noranzkoan; AP-8an, mugan; Armiñongo lotunean eta AP1 eta N-622 arteko lotunean, Gasteizerako noranzkoan; eta N-622 eta A-1 arteko lotunean, Burgoserako noranzkoan.
Halaber, laugarren urtez jarraian, Kantabria eta Bizkaia artean hitzartutako garabi-zerbitzua izango da trafiko gehien izaten den jaiegunetan eta asteburuetan, istripua izan duten edo matxuratuta dauden ibilgailuei laguntzeko. Ostiraletan eta larunbatetan A-8an, Uriosten (Suhiltzaileetarako sarbideko biribilgunean) kokatuko da, eta igandeetan El Hayan (Cobaronerako lotunean).
2023ko datuak
Olabarrik gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak 'Zero Biktima' ikuspegia duela helburu, eta arreta handiz jokatzeko eskatu du, joan den udako heriotza kopuruak errepika ez daitezen. 2023ko uztailean eta abuztuan hamar pertsona hil ziren Euskadiko errepide-sarean (9 Gipuzkoan eta bat Bizkaian) eta aurreko udan, aldiz, hamaika pertsona hil ziren (Bizkaian 4, Araban bat eta Gipuzkoan 6).
2023ko uztailean eta abuztuan guztira 1.284 istripu izan ziren (471k eragin zituzten biktimak), eta 2022ko aldi berean 1.224 izan ziren (432k eragin zituzten biktimak).
Egun hauetan trafikoa ahalik eta arinena izateko eta gorabeherak minimizatzeko, Ertzaintzako trafiko-unitateetako 550 agentek zainduko dute errepideko zirkulazioa eta segurtasuna, eta in situ emango dute zirkulazioaren egoerari buruzko informazioa. Helikoptero batek irudiak bidaliko ditu Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrora, eta kontrol horren euskarria izango da.
Gomendioak
Eusko Jaurlaritzak bidaian joaterakoan hartu beharreko hainbat gomendio ere eman ditu:
- Ibilgailuaren egoera ona ziurtatu, eta mantenimendua eguneratuta izan.
- Gidatu aurretik ez kontsumitu ez alkoholik ez drogarik, eta ez egin otordu oparorik.
- Botikaren bat hartuz gero, ziurtatu ez duela ondoriorik gidatzeko garaian.
- Abiadura eta gidatzeko modua trafikoaren eta errepidearen egoerara egokitu, eta Ertzaintzako agenteen oharrak jarraitu.
- Saihestu arrisku-portaerak eta arretaz, arduraz eta errespetatuz gidatu.
- Segurtasun-tarteak gorde.
- Atseden hartu bi orduz behin edo 200 kilometroz behin.
- Bidaian irten aurretik, errepideen egoera begiratu.