Gizartea -
Indarkeria matxista
Gazte bat atxilotu dute Irunen emakume bati sexu-erasoa egiteagatik eta pertsona transexual bat iraintzeagatik
Atxilotuak aurrekariak ditu lesio eta mehatxu delituengatik, baina epaileak aske utzi du kautelazko neurriekin.
Agentziak | EITB Media
Ertzaintzak 21 urteko gazte bat atxilotu du Irunen (Gipuzkoa) emakume bati sexu-erasoa egiteagatik, taberna bateko terrazan ukituak egiteagatik eta establezimenduko zerbitzaria iraintzeagatik, Segurtasun Sailak gaur jakitera eman duenez.
Gertakariak asteartean jazo ziren, 23:30 aldera, Irungo taberna bateko terrazan. Ertzaintzari deitu zioten, gizon bat hainbat pertsonari eraso egiten ari zitzaielako.
Patruila bat bertaratu zenean, gizon bat oso jarrera oldarkorrarekin aurkitu zuten, eta, ondorioz, atxiki eta identifikatu egin zuten. Emakume batek ertzainei jakinarazi zienez, gazteak ukituak egin zizkion tabernako terrazan eserita zegoela.
Gainera, tabernako zerbitzariak azaldu zuenez, atxilotuari bere jarrera aurpegiratu zionean, emakume transexuala izateagatik iraindu zuen, eta ondoren txistua bota zion.
Lekukotza horiek jaso ondoren, ertzainek gizona atxilotu zuten, sexu-eraso eta genero-nortasunagatiko gorrotoak areagotutako irain delituak egotzita.
Atxilotuak aurrekariak ditu lesio eta mehatxu delituengatik, eta epaitegiaren esku utzi zuten. Epaileak aske utzi zuen kautelazko neurriekin.
Irungo Udalak eta Berdintasun Kontseiluko elkarteek gertatutakoa "gogor gaitzetsi eta arbuiatu" dute.
"Gure gaitzespenik irmoena adierazi nahi dugu gertakari horien aurrean, eta ez dugu atsedenik hartuko Irun indarkeria-mota guztietatik libre dagoen hiria izan arte. Ez dugu etsiko gure bizikidetza demokratikoaren oinarrien aurka doan arazo sozial bati erantzuteko beharrezkoak diren neurriak bultzatzen jarraitzeko ahaleginean", adierazi dute ohar batean.
Sinatzaileek, halaber, biktimekiko "babesa eta hurbiltasuna" adierazi dute.