Gizartea -
Sexu-erasoak
La Sallek Patxi Ezkiagaren sexu-abusuak argitzeko abiatu duen barne ikerketaren datuak, Fiskaltzaren esku
Kongregazioak Euskadi Irratiari azaldu dionez, "bere garaian hain gaizki egindakoa konpondu nahi dute". Gaur 'El Pais' egunkariak 24 ikasle ohiren lekukotza bildu du, horietatik 18 emakumeak dira, guztiek sexu-erasoak jasan izana eta ikastetxeari gertatzen zenaren berri eman ziotela diote.
EITB Media
La Salle kongregazioak Patxi Ezkiaga irakaslearen sexu-abusuak argitzeko abiatu duen barne ikerketaren datuak eta gaur El Pais egunkariak kaleratutako informazioa Fiskaltzaren esku utzi ditu. Kongregazioak Euskadi Irratiari azaldu dionez, "bere garaian hain gaizki egindakoa konpondu nahi dute".
Gaur El Pais egunkariak 24 ikasle ohiren lekukotza bildu du, horietatik 18 emakumeak dira, guztiek sexu-erasoak jasan izana eta ikastetxeari gertatzen zenaren berri eman ziotela diote.
Lau emakumeek jakitera eman dutenez, 90eko hamarkadan, Donostiako La Salleko ikasleak zirela jasan zituzten Patxi Ezkiaga, irakaslearen sexu-abusuak. Ikasgelan, bulegoan, Izabako kanpalekuan, sexu-erasoak "sistematikoak" zirela, gelako neska guztiei ukituak egiten zizkiela diote.
Emakume horietako batek eskolako zuzendaritzari gutuna igorri zion gertatzen zenaren berri emanaz, beste batek irakasle bati kontatu zion, eta honek "barre egin" zuen.
Urtero ikasle bat "begiz jotzen zuen" eta haren aurkako jazarpena eta erasoak areagotu egiten zirela diote. Egoera hori pairatu zuen emakume batek El Pais egunkariari esan dio sexu-erasoek lau urte iraun zutela, jasandakoak bizitza baldintzatu diola eta hirutan saiatu dela bere buruaz beste egiten.
Euskadi Irratia biktima eta lekuko banakin harremanetan jarri da. "Hunkituta" daudela diote, maiatzean Marisol Zamorak Ezkiagak erasoak lehenengoz salatu eta hilabeteko tartean gertatua kontatu duen emakume kopurua ikusita.
La Salle kongregaziotik baieztatu dutenez, barne ikerketa zabalik dute, eta sexu-erasoen inguruko informazio guztia Fiskaltzaren esku jarri dute. Bestalde, posta helbidea zabaldu dute biktimak eurekin harremanetan jar daitezen.