Gizartea -

INGURUMENARI ERASOA

Lazagurriako soroei eragiten dien legez kanpoko zabortegi bat dagoela salatu du Gurelurrek

Talde ekologistak azaldu duenez, duela urtebetetik obra-hondarrak, altzariak, koltxoiak, kristalak, plastikoak, hareak, zementuak, zaborrak eta abar botatzen ari dira berez zuhaitz eta zuhaixken inausketa-hondakinak kudeatzeko den gune batean, "administrazioak ezer egiten ez duen bitartean".

AGENTZIAK| EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gurelur talde ekologistak salatu duenez, legez kanpoko hondakindegi bat dago Lazagurriako soroetan, eta "ingurumen eskumena duen administrazioak ez du ezer egiten".

Kolektiboak jakitera eman duenez, duela urtebetetik kontrolik gabeko isurketak egiten ari dira Lazagurriako leku jakin batean, besteak beste, obra-hondakinak, altzariak, koltxoiak, sofak, aulkiak, kristalak, botilak, material plastikoak, hareak, zementuak eta zaborrak botaz.

Hasiera batean, eremu hori herriko inausketa-hondakinak kudeatzeko erabiltzen zen, baina duela urtebetetik "legez kanpoko zabortegi gisa soilik erabiltzen da", salatu dute prentsa-ohar batean. Gaineratu dutenez, salaketa jarri zuten ingurumen-agintarien aurrean, "baina ez du orain arte ezertarako balio izan".

Gauzak horrela, Gurelurrek uste du Nafarroan kutsatzaileek "nahi dutena" egiten dutela eta Administrazioak berak ere hondakin arriskutsuak isurtzen dituela, "Nafarroako Gobernuak Tuterako araztegitik datozen lohi kutsatzaileekin egin nahi duen bezala". "Azken hori egiten bada, zalantzarik gabe, Nafarroan egindako ingurumen kalte handienetako bat izango da", ohartarazi dute prentsa agiri batean.

"Gure erkidegoko hondakinen kudeaketa negargarriaren beste erakusgarri bat da Olatzagutiako garbigune bati eta erreka bati eragiten dieten isurketak ere" diote oharrean, eta Ziordiako hainbat pabiloitan pilatutako hondakinak ere kendu gabe daudela oraindik gogorarazten dute.

Horregatik guztiagatik, talde ekologistak iragarri du salaketa bana jarriko duela Montejurrako Mankomunitatean eta Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuan, "behingoz araudiak jasotzen duenaren arabera jardun dezaten, salatutako hondakinak birziklatzeko planta batera eramanez eta Lazagurriko zabortegiak inguruan egindako kalteak konponduz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Delituak azken ordukoa Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena EAEko kutsadura gaur