Gizartea -

Biztanleria

Jaiotzak % 1,6 jaitsi ziren Euskadin 2023an

Urteko azken hiruhilekoan 3.465 jaiotza izan ziren EAEn, % 0,1 gutxiago, azken urteetako beheranzko joerari jarraipena emanez.

Emakume bat haurraren karroarekin. Argazkia: EFE
Emakume bat haurraren karroarekin. Argazkia: EFE
Emakume bat haurraren karroarekin. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2023ko laugarren hiruhilekoan 3.465 jaiotza izan ziren Euskadin, aurreko urteko aldi berean baino % 0,1 gutxiago, Eustaten datuen arabera. Horrela, urteko zenbaketa orokorrean jaiotza kopurua % 1,6 jaitsi zen, azken urteetako beheranzko joerari jarraipena emanez.

Bizkaian izandako jaitsiera nabarmentzen da, 1.645 jaiotza izan baitziren azken hiruhilekoan, hau da, aurreko urtean baino % 5,6 gutxiago. Kontrara, Araban eta Gipuzkoan jaiotzak hazi egin ziren, 593 eta 1.227 jaiotzarekin, hurrenez hurren; hau da, Araban % 7 hazi ziren eta Gipuzkoan % 4,5.

Epe horretan Euskadin ama izan ziren emakumeen % 33,5 atzerritarrak ziren. Araba ehuneko horren gainetik kokatu zen, % 41,9ra iritsi baitzen, eta ondoren Gipuzkoa eta Bizkaia, % 33,5eko eta % 30,5eko ehunekoekin, hurrenez hurren.

Amen ia % 80k 30 urte baino gehiago zituen

Jaiotzak adinaren arabera banatuz gero, 35-39 urteko amen ehunekoa % 33,4 da, 30-34 urteko amen ehunekoaren berdina, eta 25-29 urteko amen ekarpena % 14,7koa izan zen. Bestalde, 40 urtetik gorako amak (% 11,4) 25 urtetik beherakoak (% 7,1) baino gehiago izan ziren.

Amatasunaren adina ere aldatu egiten da nazionalitatea kontuan hartzen bada. Izan ere, atzerriko amen batez besteko adina 30,9 urtekoa izan zen, eta espainiar nazionalitatea dutenena, berriz, 34,6 urtekoa.

Ezkondu gabeko amek izandako haurren ehunekoa % 51,2 izan zen

2023ko laugarren hiruhilekoan, ezkontzaz kanpoko jaiotzak kopuru osoaren % 51,2 izan ziren, 2022ko aldi berean baino 0,3 puntu txikiagoa.

Amek izandako haur kopuruaren arabera, erdiak baino gehiago, 1.780k (% 51,4), lehenengo seme-alaba izan zuten; 1.228k (% 35,4) aurretik beste ume bat izan zuten amak ziren; eta hirugarren eta ondorengo seme-alabak izan zituztenak 457 (% 13,2) izan ziren.

2023ko balantzea

2023. urte osoa kontuan hartuz gero, jaiotzen behin-behineko kopurua 13.421ekoa izan zen, hau da, 215 jaiotza gutxiago izan ziren (% -1,6), 2022ko datuekin alderatuta. Beherakada hori Bizkaian eta Araban eman zen. Bizkaian % 3,1 jaitsi zen (214 jaiotza gutxiago) eta Araban % 2,3 (53 jaiotza gutxiago). Gipuzkoan, aldiz, % 1,2 hazi zen (52 jaiotza gehiago).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak Gurasoak  gaur Eustat