Gizartea -

Trafikoa

Auto-ilarez jositako goiza EAEko errepideetan, baina zirkulazioa normaltasunera itzuli da

Goizean 10 kilometroko auto-ilarak izan dira Muskizen eta seikoak Irunen, baina eguerdirako normaltasunera itzuli da errepideen egoera.

Auto ilarak A-8an, Trapagaran (Bizkaia) parean. Argazkia: EITB Media
Auto ilarak A-8an, Trapagaran (Bizkaia) parean.
Auto-ilara luzeak Biriatuko ordainlekuan, Baionarako noranzkoan

0:41

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aste Santuko Irteera Operazioa tarteko, ibilgailu andana dabil EAEko errepideetan, eta hala, sortu dira aurreneko arazoak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez. 13:00etan, pilaketa handiak zeuden, 10 kilometrokoak, Bizkaiko eta Kantabriako mugan, Muskiz (Bizkaia) parean eta betiere Santanderreko noranzkoan. Hala ere, 14:40rako trafikoa normaltasunera itzuli da.

Auto-ilarak 10 kilometrokoak dira A-8 autobidean, Muskiz parean, Kantabriarako noranzkoan
Auto-ilarak 10 kilometrokoak dira A-8 autobidean, Muskiz parean, Kantabriarako noranzkoan
Auto-ilarak 10 kilometrokoak dira A-8 autobidean, Muskiz parean, Kantabriarako noranzkoan

0:34

Autobide berean, 6 kilometroko ilarak izan dira AP-8an, Irun parean (Gipuzkoa) eta Baionarako bidean. AP-8ko Zarauzko ordainlekuan ere pilaketak sortu dira, 2 kilometro ingurukoak, baina eguerdi bueltarako bukatuta zeuden jada. 

Halaber, Araban, AP-1 eta A-1 errepideek bat egiten duten lekuan (Armiñongo lotunea) 4 kilometroko pilaketak sortu dira, Burgosera bidean. Dena dela, 12:10 aldera bukatuta zeudela jakinarazi du Trafiko Zuzendaritzak. 

Hain justu, Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak azpimarratu duenez, Ostegun Santuko goiza izan ohi da Aste Santuko irteera operazioko unerik konplikatuena errepideetan, bereziki 09:00etatik 15:00etara.

Ibilgailuen joan-etorria gorabehera, gaur goizean ez da istripu larririk gertatu. 

Lehen egunak utzitakoak

Atzo hasi zen ofizialki Aste Santuko oporretako Irteera Operazioa. Aurten, milioi bat joan-etorri baino gehiago espero dira: 530.000 desplazamendu EAEn sartzeko eta beste hainbeste irteteko, iaz baino apur bat gehiago. 

Asteazken arratsaldean AP-8 autobidea itxita egon zen Galdakaon, Irungo noranzkoan, istripu baten ondorioz. Kamioi batek autobideko informazio-panel bat jo zuen,  panelean kalte handiak eraginez. Erortzeko arriskua zegoenez, bidea itxi egin zuten, badaezpada, eta azkenean errepidera jausi zen.

Gidariek ez dute meteorologia lagun izango. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, fronte baten iritsierak giro euritsua, zaparrada mardulekin, eta hegoaldeko haize zakarra utziko ditu. Hain zuzen ere, Trafiko Zuzendaritzatik zuhurtzia eskatu dute. 

Gomendioak

Istripuak saihesteko, honako gomendioak eman ditu Trafiko Zuzendaritzak: 

- Bideari ekin baino lehen trafikoaren egoera kontsultatzea —Trafikoaren webgunean, X sare sozialeko profilean eta 011 telefono zenbakian—.

- Eguraldiaren iragarpena begiratzea, eta ibilgailua eta gidatzea baldintzetara egokitzea.

- Nahitaezkoa da segurtasun-uhala erabiltzea, baita atzeko eserlekuetan ere, eta ziurtatu beharko da adin txikikoek haurrak eusteko sistema egokia daramatela.

- Alkohol eta drogarik ez gidatzean. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Zer gertatu da Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Nafarroako albisteak Araba Iparraldea bideoak Gizartea albisteak Trafikoko web-kamerak Donostian Albisteak Gaur Eguneko albisteak A-8 autobideko istripuak gaur Aste Santua oporrak Oporrak gaur Lapurdi AP-1 autobidea