Gizartea -
URTEKO TXOSTENA
Arartekoak ondorioztatu du baliabide gehiago behar direla, herritarren osasun eskubidea bermatzeko
2023an jasotako kexen ia erdiak eskubide sozialekin zuten zerikusia, eta herritar asko izan ziren osasun zerbitzuekiko haserrea agertu zutenak.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Arartekoa erakundeak iaz orotara 13.603 jarduera bideratu zituen, aurreko urtean baino % 6,6 gehiago: 8.199 kexak edota kontsultak izan ziren, eta 26 ofiziozko espedienteak. Horien gaiei dagokienez, ia erdiak (% 46) eskubide sozialekin zuten zerikusia, eta deigarria da gizarte bazterkeria egoerarekin lotutako kexek gora egin dutela. Aurkeztutako guztietatik, 2.589 kexa-espediente ebatzi ziren.
Manu Lezertua arartekoak gaur erregistratu du Eusko Legebiltzarrean 2023ko jardunari dagokion txostena. Apirilaren 21eko hauteskunde deialdiaren ondorioz, Gasteizko Ganbera deseginda dago, eta hori dela eta, Lezertuak ezin izan dio urteko txostena erakunde horretako presidenteari eskura eman, beti egin izan ohi duen gisan.
Aurreko urteotako bideari jarraituz, aurkeztu ziren kexa gehienak eskubide sozialekin lotutakoak ziren (osasuna, gizarteratzea, hezkuntza edota etxebizitza), eta horiek aztertuta, Arartekoak ondorioztatu du "lehen mailako eta bigarren mailako arreta-sarean tentsio handia" dagoela EAEn, eta iritzi dio egoerari erantzun bate emateko, "osasun administrazioek beharrezko material eta giza baliabideak jarri behar dituztela" herritarren "osasun-eskubidea benetan bermatuta" egon dadin.
Era berean, txostenak dio gizarte-bazterkeriarekin zerikusia zuten kexen % 89 inguruk Lanbideren "funtzionamendu txarra" salatzen zutela, bereziki, herritarrek arazoak izan zituztelako diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria bideratzeko orduan.
Hezkuntzarekin lotutako kexei dagokienean, Arartekoak azaldu du iaz familia asko izan zirela eurengana jo zutenak, EAEko ikastetxeetan ikasleak onartzeko prozesuetan hartu ziren erabakiez kexatzeko eta beren seme-alabentzako eskola aske aukeratu ahal izatea erreklamatzeko.
Azkenik, 2023an "nabarmen gutxitu" zen Arartekoarekin lankidetzan "uzkurtasuna" agertu zuten administrazioen kopurua. Zentzu horretan, Lezertuak ohartarazi du "bereziki kezkagarria" dela administrazio batzuek jartzen dituzten oztopoak "irregulartasunak saihesteko".
Aurreko urtetan bezala, Eusko Jaurlaritza izan zen idatzizko erreklamazio gehien jaso zituen erakunde, erdia baino gehiago.