Gizartea -

23. KORRIKA

Inoizko Korrika "erraldoi eta anbiziotsuena" izan da

Helburuak beteta, harro agertu da AEK. Ez bakarrik Korrikan parte-hartzea masiboa izan delako, ekimenaren atzean saretu den komunitatea indartsu dagoelako, ere bai. Horri eusten asmatzea da hemendik aurrerako erronka, "euskararen normalizazioa ardatz, aurrerapausoak emateko".

Korrikaren arduradunak, gaur, Baionan. Argazkia: AEK
Korrikaren arduradunak, gaur, Baionan
23. Korrikak parte-hartzerik handiena izan du, eta orain arteko anitzena izan da

1:14

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Biharamun gozoa da gaurkoa AEK Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundearentzat, inondik ere. Inoizko "erraldoiena eta anbiziotsuena" izan da 23. Korrika, "herria harro egoteko modukoa". Aurreikuspen onenak gainditu ditu aurtengo edizioak, maila guztietan: parte-hartzea masiboa ez ezik, orain arteko anitzena ere izan da. "Euskararen aldeko kontzientziak astintzea" lortu da, "herri-gogoa hauspotzea".

Atzoko festaren aparra oraindik jaitsi gabe dagoenean, Korrikaren arduradunek agerraldia egin dute Baionan, balorazioa egiteko. Harro eta pozik agertu dira, baina festaz harago Korrika ezer bada, aldarrikapena dela argi utzi dute: Garazi Arrula idazle nafarrak lekukoaren barruan gordetako mezuaren ildotik, euskarak "egiazko trantsizio" bat behar duela esan dute, ez "kontingentzia-planak", eta komunitate bat osatzeak duen garrantzia nabarmendu dute. "Itzela izan da: argi geratu da hemen badagola komunitate oso bat, konplexurik gabekoa; ez du onartzen kontingentzia-planik euskararen normalizaziorako: horren ordez, egiazko trantsizio bat nahi du". 

"Hizkuntza-politika ausartak" eskatu dizkiete erakundeei, besteak beste, euskararen "ezagutzaren doakotasuna eta unibertsaltasuna" lortzeko. Horrekin batera, ozen esan dute erakundeena bakarrik ez, "norbanakoen eta herri-kolektiboen" laguntza ere ezinbestekoa dela bide honetan. "Asmatu beharko dugu nola bideratu egunotan metatutako indarra, aurrerantzean ere elkarlanean jarraitzeko".

Irundik Baionarako bidean 11 egunez bildutako herritarren aniztasunean ere jarri dute azpimarra: "genero, kolore eta sentsibilitate politiko anitz, euskaradunak zein euskaradunak ez direnak, euskararen herriak denak behar dituelako". Horrekin lotuta, goizean Euskadi Irratiko Faktorian egindako elkarrizketan, Ane Elordi Korrikako koordinatzaileak esan du "batasunaren Korrika" izan dela.

AEK-ren euskaltegiei eusteko diru iturri ezinbestekoa ere bada Korrika, eta oraindik behin betiko datuak eskuartean ez izan arren, aurreikuspen ekonomikoak bete direla uste dute.

Erantsi dutenez, inoizko Korrika ikusiena ere izan da, hein handi batean sare eta hedabideen elkarlanari esker, eta pozik agertu dira Azterketak Euskaraz Kolektiboa aurtengo omenduaren aldarria  lau haizetara zabaltzea lortu dutelako.

Azkenik, eskerrak eman dizkiete modu batera edo bestera 23. Korrika ahalbidetu duten guztiei.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Korrika Azken ordukoa Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Gaurko albisteak Nafarroan Araba Iparraldea berriak Baionako bideoak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Azken kultur albisteak Albisteak Zuberoa albisteak Lapurdiko berriak Nafarroa Beherea