Gizartea -
EUSTAT
EAEn 2022an izandako ospitaleratzeen % 16 zentro pribatuetan egin ziren
Eustatek emandako datuen arabera, % 4,1 gehitu zen ospitaleratzeen kopurua. Batez ere, arnas aparatuko arazoek eragindakoek egin zuten gora.
EITB MEDIA
EAEn 2022an izandako ospitaleratzeen % 16 zentro pribatuetan egin ziren, eta gainerako % 84, publikoetan, Eustat Euskal Estatistika Institutuak gaur emandako datuen arabera. Nafarroari dagokion datua ere eman du: aipatutako urte horretan Foru Erkidegoan izandako ospitaleratzeen % 23,4 izan ziren zentro pribatuetan, eta % 76,6, publikoetan.
Estatu espainiarreko datuen alderaketa plazaratu du Eustatek, besteak beste. Zentro publikoetan ospitalizazio gehien dituen erkidegoa Extremadura da (% 91), eta EAE seigarren lekuan dago. Katalunia, berriz, azken tokian (% 52).
Orotara, 243.427 ospitaleratze izan ziren 2022an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoa zentroetan, aurreko urtean baino % 4,1 gehiago. Datu horren arabera, ospitaleratze-tasa 100.000 biztanleko 11.113koa izan zen, Estatuko batez bestekoaren (9.944) gainetik. Kataluniaren (11.511) eta Asturiasen (11. 472) atzetik, EAE da ospitaleratze-tasa handiena duen erkidegoa.
Bestalde, EAEko zentroetan ospitaleratutako pertsonen % 53k 65 urte edo gehiago zituzten. Arrazoien artean, nagusienak zirkulazio-aparatuko (% 12,8) eta digestio-aparatuko (% 12,6) gaixotasunak izan ziren, Estatuan bezala.
Ospitaleratzeen hazkundearen atzean, bereziki, arnas aparatuko gaixotasunen igoera dago.
Azkenik, batez beste, ospitaleratzeen iraupena 8,4 egunekoa izan zen. Oro har, gizonek egonaldi luzeagoak egin zituzten.