Gizartea -

Euskara

Euskal Herriko periferiako ikastolei aitortza egin die gaur Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak Beskoitzen

"Ikastolak herriari" egitasmoaren baitan, periferiako zortzi ikastetxeri aitortza egin diete, euskara eta euskal kultura muga inguruetan bultzatzeko egiten duten lanarengatik. Beskoitzen hunkiturik hartu dute ekitaldia, euren Ikastolaren etorkizuna jokoan baitago.

'Non eta mugan' ekitaldiko une bat. Argazkia: Kilometroak 2024.
'Non eta mugan' ekitaldiko une bat. Argazkia: Kilometroak 2024.
'Non eta mugan' ekitaldiko une bat. Argazkia: Kilometroak 2024.

Aitor Sagarzazu | Olatz Prat | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beskoitze omenaldi eta eskertza berezi baten agertoki izan da igande honetan, bertan egin baita, 'Ikastolak Herriari' egitasmoaren barruan,   'Non eta mugan' ekitaldia. 

Ekitaldi horren bitartez Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak aitortza egin nahi izan die Euskal Herriko periferian, beste lurraldeekiko muga mugetan dauden ikastolei, euskara eta euskal kultura inguru horietan bultzatzeko egiten duten lanarengatik. 

Zehazki zortzi ikastolei egin die gaurkoan aitortza hori: Beskoitzeko Ikastola, Sohütako Eperra Ikastola, Zangozako Ikastola, Lodosako Ibaialde Ikastola, Tuterako Argia Ikastola, Vianako Erentzun Ikastola, Oiongo San Bizente Ikastola eta Balmasedako Zubi Zaharra Ikastola. 

Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak azaldu duenez, ikastola hauek "oztopoz betetako ibilbidea egin dute gaurdaino, oso bide aberasgarria ere izan dena" eta ibilbide horrengatik "eskertza eta aitortza" egin nahi izan die elkarteak. 

Beskoitzen bereziki hunkiturik hartu dute aitortza eta Euskal Herriko txoko guztietatik zetozenei abegi egiteko ardura. Izan ere, periferiako ikastola hauentzat, berez ere oztopoz betetako bidea izan ohi dena, are zailagoa suertatzen ari da Beskoitzeko Ikastolarentzat azken hilabeteotan, orain arteko lurrak utzi beharko baititu ikasturtea bukatzerako, Herriko Etxeak hala erabakita. 

Negoziazioak geldirik daudela azaldu du gaur Beskoitzeko Ikastolako lehendakari Cyril Fesquinek: "Ez dugu ezer. Herriko etxean egin dugun azken bileran ikusi dugu hautetsiek ez zutela ezer prestatuta" eta esan du aste honetan berriro biltzekoak direla Herriko Etxearekin, aterabideren bat topatzeko saiakeran. 

Beskoitzen prefabrikatuetan jasotzen dituzte eskolak ikasleek, eta beste ikastoletako kideek azaldu dutenez han argi ikusten da "zenbait ikastolen errealitate gogorra". Hala ere, denek adierazi dute gaurko ekimenak indarrak hartzeko balioko diela.

Aurten Gipuzkoako Ikastolen alde Kilometroak antolatuko dituen Azpeitiko Ikastolako kideak ere Beskoitzen izan dira zortzi eskolei aitortza eginez. Beskoitzeko Ikastolari Kilometroetako logo izango den eguzki-lorearen eskuz eginiko oroigarria ere eman diote: "Eguzki-lorearen hosto guztiak dira desberdinak eta denak beharrezko, eta erdigunetik, gure ikastoletatik, Beskoitzekotik ere, aterako dira euskararen haziak", esan du Azpeitiko Ikastolako kideak.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Iparraldea bideoak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Hezkuntzako albisteak 2024 Lapurdiko azken ordua