Gizartea -

Ikastolak

2.500tik gora ahots, bat eginik, Beskoitzeko Ikastolaren alde

Seaskak eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak deituta, manifestazio nazionala izan da larunbat honetan, Herriko Etxeari eskatzeko Ikastola eraikitzeko baimenak behingoz eman ditzan. Ikasleek 10 urte daramatzate prefabrikatuetan. Gaur egun 52 ikasle ditu Ikastolak.

Beskoitzeko Ikastolaren aldeko manifestazioa, gaur. @Iparralde_orena
Beskoitzeko Ikastolaren aldeko manifestazioa, gaur. @Iparralde_orena
Beskoitzeko Ikastolaren aldeko manifestazioa, gaur. @Iparralde_orena

Olatz Prat | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herri osoko 2.500 lagun inguru bildu dira gaur Beskoitzen, Herriko Etxeari eskatzeko Ikastola eraikitzeko baimenak behingoz eman ditzan.

Seaskak eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak deituta, manifestazio nazionala izan da gaur goizean Beskoitzen, aspaldiko arazo den honentzako irtenbidea eskatzeko.

"Aterabide bat Beskoitzeko Ikastolarentzat" edo "Beskoitzen ere euskararen alde" gisako aldarriak entzun dira gaur bertan.

2014an jarri zen martxan Beskoitzeko Ikastola, prefabrikatuetan, herriko etxeari alokatutako lurretan eta haietan ikasten dute gaur egun 52 ikaslek.

Duela hiru urte herriko etxearekin hizketan hasi ziren, orain prefabrikatuak dauden eremu horretan eraikin bat jasotzeko. Herriko Etxeak berak eraikina egiteari uko eginda, Seaska prest agertu zen Ikastolaren eraikuntzaren kostua, 600.000 euro, bere gain hartzeko.

Orduan herriko etxeak trabarik jarri ez zuen arren, egun, blokeoa dagoela salatu du Ikastolen Elkarteak, herriko etxea eragozpen teknikoak jartzen ari delako, bata bestearen atzetik, eraikin hori jasotzeko baimenik ez emateko.

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak azaldu duenez, "irtenbide teknikoak badira, orain eskatzen dena da borondate politikoa", mahai baten bueltan eseri eta egoera desblokeatzeko. Ikastolatik azaldu dute hitzordu eskaera asko egin dituztela baina ez dutela erantzunik jaso.

Udala elkarizketarako prest agertu zen ostiralean, ohar baten bidez. Hori bai, eurek jarritako baldintzetan, esaterako ikastolak ez dezan 51 ikasleko langa gainditu. 

Gaurko protestan, geldialdia egin dute udaletxe aurrean eta "Aterabide bat Ikastolarentzat. Ikastola herri eskola" afixa jarri dute. Herriko plazan amaitu dute manifestazioa.   

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Gizartea Albisteak Gaur Albisteak Hezkuntza sistemako albisteak Protestak gaur Nerabezaroa albisteak Lapurdiko azken ordua