Gizartea -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Kontsumoa jaisten doan arren, THC kopuru handiagoa duen marihuana saltzen ari dela ohartarazi du Osasun Sailak

Itziar Larizgoitia Jaurlaritzaren Osasun Publiko eta Adikzio zuzendariak azaldu duenez, THCa droga horrek duen substantzia toxikoena da, eta kantitate handiagoan ari dira topatzen, kalamua arriskutsuagoa eginda. "Gaur egungoa kontsumituta, adikzio arriskua handiagoa da", ohartarazi du.

Larizgoitia, elkarrizketaren une batean. EITB Media
Larizgoitia, elkarrizketaren une batean.
Larizgoitia, elkarrizketaren une batean. EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kalamuaren kontsumoak beherantz egiten jarraitzen du, Jaurlaritzaren Adikzioei buruzko Inkestak azken datuen arabera. Dena dela, Itziar Larizgoitia Osasun Saileko Osasun Publiko eta Adikzio zuzendariak adierazi du azkenaldian Ertzaintzak atzemandako marihuanan THC —droga horren substantzia toxikoena— presentzia handiagoa topatu dute, eta horrek "kaltegarriago" bihurtzen du kalamua, adikzioa eragiteko ahalmen handiagoarekin. 

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, adikzioa sortzeko arriskua handiagoa da maizago kontsumitzen bada eta kontsumo hori arinago hasten bada, baina ondorioztatu duenez, "gaur egun merkatuan dagoen marihuana kontsumituta, adikzio arriskua duela urte batzuk baino handiagoa da", THCren kopurua handiagoa delako. 

Adituaren esanetan, gehiengoak bestela uste badu ere, kalamua "ez da droga hutsala, kontrara, droga nahiko kaltegarria da", eta horren kontsumo ohikoa, batez ere adin txikikoen artean, "ondorio oso larriak eragin ditzake memoria ahalmenean, baita garapen kognitiboaren atzerapena, psikosia eta bestelako buruko nahasmenduak ere; ez da ahuntzaren gauerdiko eztula", azpimarratu du. 

Gazteek (21 urte beherakoek), batez ere gizonezkoek, kontsumitzen dutela eta, azaldu du sistema immunologikoa ez dela 20 urteak bete arte garatzen amaitzen, eta hala, marihuana adin goiztiarretan kontsumitzeak "oso arriskutsu" bilakatzen duela droga hori. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Drogak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gazteak