Gizartea -

Prentsa-askatasuna

Pablo Gonzalezek bi urteko espetxealdia bete du dagoeneko Polonian, eta ez da inolako epaiketarik egin

Han eta hemen kazetaria aske uzteko elkarretaratzeak egin dira, eta zentzu berean mintzatu da nazioarteko kazetaritza elkartea. Albares Atzerri ministroak iragarri du Gonzalezek epaiketa bat izateko eskaera helarazi diola Poloniako gobernu berriari.

Pablo Gonzalez euskal kazetariak bi urteko espetxealdia bete du dagoeneko Polonian. Artxiboko irudia
Pablo Gonzalez euskal kazetariak bi urteko espetxealdia bete du dagoeneko Polonian. Artxiboko irudia
Pablo Gonzalez kazetariak bi urte eman ditu Polonian behin-behineko espetxealdian

1:09

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Gonzalez kazetariak bi urte bete ditu Polonian atxilotuta, eta elkarretaratzeak eta ekintzak antolatu dituzte hainbat hiritan, bere egoera salatzeko, errugabetasun-presuntzioa eskatzeko eta bidezko epaiketa aldarrikatzeko.

Kongresuko atarian egin dute eguerdian bilkura horietako bat. PP eta Vox ez beste talde parlamentarioetako diputatuek hartu dute parte. 

Irudia: EITB

Aurrez, ganberan egin duten kontrolerako saioan, Jon Iñarritu EH Bilduko ordezkariak egindako galdera bati erantzun dio Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri, Europar Batasuna eta Kooperazio ministroak. Argitu duenez,  Poloniako Atzerri ministro berriari eskatu dio Gonzalezek "lehenbailehen" epaiketa bat izatea. 

Pablo Gonzalezentzat epaiketa bat eskatu dio Albaresek Poloniako Gobernu berriari
Pablo Gonzalezentzat epaiketa bat eskatu dio Albaresek Poloniako Gobernu berriari
Pablo Gonzalezentzat epaiketa bat eskatu dio Albaresek Poloniako Gobernu berriari

0:38

Bestalde, Kazetarien Nazioarteko eta Europako elkarteek Gonzalez libre uzteko eskatu diote gaur Poloniari, kazetariak bere burua defendatu eta epaiketa justu bat izan dezan. 

Ohar batean azaldu dutenez, euskal kazetaria da EBko kartzela batean "bere kontrako probarik eta epaiketarik gabe" espetxeratuta dagoen kazetari bakarra. "Onartezina da", erantsi dute.

EITBren Miramongo eta Bilboko egoitzen aurrean elkarretaratzeak egin dituzte, "2 urte bahituta. Justizia, giza eskubideak eta prentsa-askatasuna" lelopean.

EITBko langileek elkarretaratzea egin dute Pablo Gonzalezen egoera salatzeko
EITBko langileek elkarretaratzea egin dute Pablo Gonzalezen egoera salatzeko
EITBko langileek elkarretaratzea egin dute Pablo Gonzalezen egoera salatzeko

0:44

Aurreko ekintzak, Pablo Gonzalezen alde

Otsailaren 15ean, Lublingo (Polonia) Apelazio Auzitegiak kartzelaldia beste hiru hilabetez luzatzea erabaki zuen. Juan Fernando Lopez Aguilar irakasle, legelari eta eurodiputatuak euskal kazetariaren egoeraz hitz egin zuen asteartean Europako Parlamentuan.

Jose Antonio Martin Pallin Auzitegi Goreneko magistratu emerituak berriemailearen espetxealdi luzea izan du hizpide azken egunotan. "Pablori segurtasun juridikoa ukatzen" ari zaiola uste du Pallinek.

Joan den otsailaren 24an, kultura, epaile eta kazetaritza munduko hainbat pertsona ezagunek bideo batean erakutsi zioten babesa kazetariari, atxilotua eta behin-behineko espetxealdian, epaiketarik egin gabe. Gonzalez Ukrainako gerraren hasieran errefuxiatuen exodoa kontatzen ari zenean atxilotu zuten.

#FreePabloGonzalez plataformak antolatu eta zabaldu duen bideoan, besteak beste, Baltasar Garzon eta Jose Antonio Martin Pallin epaile ohiek, Juan Diego Botto eta Carlos Bardem aktoreek eta Ana Pardo de Vera, Olga Rodriguez, Miquel Ramos, Antonio Maestre eta Gervasio Sanchez kazetariek hartu dute parte.

Ohar batean kritikatu zutenez, "kasuaren inguruko sekretismoa erabatekoa izan da"; izan ere, "ez familiak ez inguruko inork ez du gertatzen ari denaren berririk izan", eta Pablok bi urte bete ditu "Poloniako espetxe bateko ziega txiki batean inkomunikatuta".

Plataformaren ustez, egoera "pentsaezina" da, guztia Europar Batasuneko (EB) estatu baten baitan gertatzen ari baita, eta herrialde horretan "Oinarrizko Eskubideen Tratatua errespetatu beharko litzatekeela suposatzen da".

"Lan profesionala egiten ari zen bitartean atxilotutako kazetari bat bi urtez espetxean epaiketarik gabe egotea oso larria da, ez bakarrik kaltetuaren giza eskubideei dagokienez, baita informazio- eta adierazpen-askatasunari dagokionez ere", azpimarratu dute.

Horregatik guztiagatik, Poloniako justiziari eskatzen diote Pabloren talde legalari "bere espediente ikusteko aukera" eman diezaiola, eta publiko egin ditzala bere aurka ustez dituzten frogak eta atxiloketa luzatzeko baliatzen dituztenak.

Euskal kazetariaren aldeko bideoan parte hartu zutenek Poloniaren atxiloketa kritikatu dute, espioi errusiarra izatea egotzita, "nahiz eta denbora honetan guztian ez duten inolako frogarik aurkeztu, ezta kargu formalik ere". "Atxiloketa krudela susmoetan eta zurrumurruetan soilik oinarritu da", diote bideoan Juan Diego Botto, Carlos Bardem, Baltasar Garzon, Pepe Viyuela, Wily Toledo, Pulpul, Gervasio Sanchez, Ana Pardo de Vera, Teresa Aranguren, Jose Antonio Martin Pallin, Martxelo Otamendi eta David Parejak osatutako taldeak.

Halaber, elkartasun-erakustaldian parte hartu dute Miquel Ramos, Jorge Riechmann, Fonsi Loaiza, Iñaki Soto, Mariano Muniesa, Javier Couso, Amaia Goikoetxea, Ander Izaguirre, Carlos Taibo, Juan Teixeira, Ruben Sanchez, Bob Pop, Javier Gallego, Olga Rodriguez, Asier Blas, Aitor Merino, Xabier Lapitz, Iñaki Makazaga, Javier Parra, Alfonso Bauluz, Antonio Maestre, Anibal Garzon eta Oihana Goirienak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Zer gertatzen da munduan? Europar Batasuna Nafarroa gaur Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Espainia gaur Gizartea Eguneko albisteak Eguneko albisteak Kazetaritza Giza eskubideak Polonia Jende ospetsua albisteak Espainiako Gobernua argazkiak