Gizartea -
NAFARROA
Nafarroako Auzitegi Nagusiak Skolae programa bertan behera utzi du bigarrenez, tramitazio akatsengatik
Auzitegia ez da sartu programaren nondik norakoak aztertzera. Halaber, epaia ez da irmoa eta helegitea jar dakioke. Hezkuntza Departamentua epaia aztertzen ari da zer egin erabakitzeko.
EITB MEDIA
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du, bigarren aldiz, Skolae programa barne hartzen duen Nafarroako Gobernuaren 2021-23 aldirako hezkidetza plana, tramitazio akatsak argudiatuta.
2020ko ekainean eman zuen epaian gertatu bezala, auzitegia ez da sartu Skolae hezkidetza programaren nondik norakoak aztertzera, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak gaur zabaldu duen informazioaren arabera.
Epaia ez da irmoa eta kasazio helegite bat aurkeztu daiteke. Magistratuen arabera, "garrantzitsua" da argitzea xedapen orokor gisa tramitatzeko legez ezarritako prozedura albo batera utzi den ala ez eta lege kontraesanik egon den.
Halaber, epaileek Nafarroako Hezkuntza Departamentuari aurpegiratu diote nahitaezko txostenik ez dagoela, eta ez daudela jasota "arauaren egokitasuna egiaztatzen duten dokumentuak", "indargabetuta geratzen diren arauak" eta egitura organikoan eragindako aldaketak, besteak beste.
Horrez gain, magistratuek nabarmendu dute lege prozeduran ez zela zehaztu aldaketak zer kostu ekonomiko izango zuen.
Bestalde, ez ei dago jasota Nafarroako Gobernuko departamentu guztietara bidali zutenik, koordinazio batzordean aztertu aurretik. Auzitegiaren arabera, presazko prozeduretan soilik alboratu daiteke tramite hori.
Orain epaitu den kasuan, 2020ko kasuan ez bezala, izapide batzuk bete direla onartu du auzitegiak, baina "aginduzko eta garrantzizko izapide batzuk" alde batera utzi direla; hots, xedapen orokor gisa tramitatu eta onartu beharra zegoela, eta aitzitik, ekimen administratibo baten bidez egin zela.
Bien bitartean, Hezkuntza Departamentuko zerbitzu juridikoak Skolae programa bertan behera utzi duen epaia aztertzen ari dira, zer egin erabakitzeko, departamentuko iturriek EFE albiste agentziari jakinarazi diotenez.